Iritsi da denboraldi historikoaren amaiera

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 10a, 19:59
Larunbatean Berazubin jokatutako partidaren une bat.

Tolosa CF Euskal Ligako taldeak ezin izan du Federazio Kopako finalerako sailkatu.

Ez zen erraza, baina saiatu dira Tolosa CF Euskal Ligako jokalariak. Bigarren Mailarako igoera historikoa lortu ondoren, emakumeen talde nagusiak Federazio Kopa jokatu du gogo biziz, baina finalerdietan ezin izan dio Aurrera de Vitoriari irabazi.

«Gure helburua zen ahal zen gehiena lehiatzea. Aurrera de Vitoriaren aurka Tolosan itzulerako partida jokatzeko bizirik iritsi behar genuela, eta horrela egin genuen, Gasteizen 3-2 galduta», esan du Imanol Cabero entrenatzaileak. «Berazubin saiatu ginen, baina azkenean ez zen posible izan eta 1-3 galdu genuen partida».

Esperantza pixka bat izan zen lehen zatian, lehen gola jaso ondoren Tolosak berdintzea lortu baitzuen. «Partida irabazten bagenuen pasa egiten ginen, eta aurrera egin genuen bigarren zatian, baina kontraeraso batean bigarrena sartu ziguten, eta oso zaila jarri zen partida», esan du Caberok. «Egia esan, azkenean jokalariek eta teknikoek sentsazio oso onekin bukatu genuen. Ikusten da aldea badagoela Bigarren Mailako talde batekin zenbait alorretan, baina ikusten da gure taldeak hobetzeko aukera ere baduela».

Partida bukatu eta gero, lehen minutuetan pena sentitu zutela esan du entrenatzaileak, baina berehala hasi zirela egoera horri buelta ematen eta baloratzen egindako denboraldia: «Bigarren mailara igo gara, eta kopan finalerdietara iritsi gara, eta dagoeneko jokalariak hasi ziren denboraldi-aurreari buruz galdetzen». Kanporaketaren alde okerrena Maddi Garikanoren lesioa izan da. Belaunean min hartu zuen joaneko partidan, eta orain ikusi egin beharko da noizko osatu daitekeen.

Taldeak oporrak hartu ditu eta abuztuan hasiko dira berriro entrenamenduak. Bigarren Mailan lehiakor izatea dute helburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!