Tolosako Sanjoanak 2019

Tolosako Musika Banda

Ataria 2019ko ekainaren 10a

1828an sortu zenetik, herriko Musika Bandak ez zuen hutsik egingo San Joan jaietan. San Joan egunean parte hartzen duten taldeetatik lehena izango da mistoa izaten, emakumeak naturaltasunez integratuz bertan.

Eta konpainiarik bakezaleena da, noski, gainontzekoek tiroak bota, armak erabili dantzarako eta gerra oroitzen duten bitartean, musika notak jaurti eta giro harmoniatsua jartzen saiatzen baita, piztiak otzanduz.

Musikarik gabeko festa irudikatu al daiteke inon? Bada San Joan eguneko soinu-banda Musika Bandak jartzen du Tolosan,

gure lagun txistulariekin batera. Bezperako suan aurrerapena eginda, egun osoan zehar aritzen da herriko kaleak doinuz betetzen, dianan
hasi eta eskopetarien alardean, prozesioan, kontzertuan, bezperetan, Bordon-dantzan, aurreskuan.... Urteko egunik luzeena, udako solstizioa, Bandako musikariontzat ere luzeena da urte osoko egutegiko emanaldiei begiratzen badiegu, kalean jotzen aritzea eskatzen baitigu ia egunsentitik iluntzera arte.

Eta zeregin horretan bidaide aparta dugu ia egun osoan zehar (diana eta kontzertua izan ezik) Eduardo Mokoroaren “San Joan zortzikoa” abesti kuttuna, udako kanta bilakatzeraino mila aldiz errepikatzen dugun pieza.

Izango al da Tolosan instituzio edo elkarte zaharragorik? 191 urte luze hauetan Tolosako Musika Bandak kontzertu, dantzaldi, diana, kalejira, jaialdi, prozesio eta emanaldi ugari eskaini ditu herrian. Horretarako herriko musika talde, elkarte, auzo eta erakundeekin elkarlanean aritu da beti, era guztietako ekitalditan bere presentzia eta parte-hartzea eskainiz kalean. Eta horrela jarraitzea nahi genuke herritar guztien laguntzarekin. San Joan askotan.

Gora San Joan! Gora Tolosako Musika Banda!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!