Tolosako Babarruna erein da

Ataria 2019ko ekainaren 7a

"Erein gurea dena" lelopean Herrikide eta Samaniego ikastetxeetako 40 ikaslek hartu dute parte Zerkausian egin den ekitaldian.

Tolosako Babarrun Kofradia, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen elkartea, Gure Kaiola elkartea, Tolosako Peio Doyharzabal eta Txemari Esteban sukaldariak, Tolomendi landa garapen elkartea eta udal ordezkariak izan dira ereite ekitaldian.

Ikasle bakoitzari loreontzi bana oparitu zaio Tolosako Babarrunaren alearekin etxera eramateko. Tolosako Babarrunaren Ekoizle elkarteko Xabier Goikoetxeak eman dizkie azalpenak.

Aurretik ikasleek, laugarrenez, udaleko teknikariekin, Tolosako Babarrunaren Kofradiako kideen eta Tolosako Babarrunaren Ekoizleen elkarteko Xabier Goikoetxea, Koldobike Artola eta Mari Karmen Iradiren eskutik, tailer ezberdinak gauzatu dituzte kultur etxean. Babarrunaren atzean dagoen lana eta baserritarren bizipenak ezagutzeko aukera izan dute, eta besteak beste, Tolosako Babarruna probatzeko aukera izan dute Roberto Ruiz sukaldariak prestatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!