Lehen finalerdiak jokoan, San Joan Txapelketan

Ataria 2019ko ekainaren 7a

Argazkia: Agerremedia.com

Lau eta erdiko San Joan Txapelketaren bosgarren jardunaldia jokatuko dute, bihar, Tolosako Beotibar frontoian, 10:30etik hasita. Lau partida jokatuko dituzte, eta horietatik hiru finalerdiak dira.

Lehenengo partida A taldeko jubenilen finalerdia izango da: Larrazabal (Amurrio) eta Gutierrez (San Cosme), nor baino nor. Bigarren partidan etorkizunekoen B taldeko finalerdia, Ruiz de Larramendiren (Lapke) eta Julen Alberdiren (Gazte Leku) artean. Hirugarrenean, etorkizunekoen A taldeko final-laurdena Zabalaren (Zazpi Iturri) eta Aristiren (Getaria) artean. Laugarren partidan elite mailako A taldeko finalerdia, Espinalek (Huarte) eta Larenak (Najerino) jokatuko dute.

Aurreko jardunaldian hiru partida jokatu zituzten. Jubeniletan Larrazabalek (Amurrio) egin zuen aurrera, 22-18 irabaziz Larrañagari (Lapke). Bi pilotariek bikain jokatu zuten, tanto ederrak eginez. Jubeniletan ere, Salaberriak (Hernani) 6-22 galdu zuen Jorge Fernandezen (San Juan) aurka. Errioxarra gehiago izan zen, eta pilota oso azkar eta ondo mugitu zuen. Elite mailan, Espinalek (Huarte) 22-15 irabazi zion Matari (Oberena). Hasieran aurretik jarri zen Mata, baina, bederatzi tantotara berdindu ondoren, Espinalek freskotasuna erakutsi zuen tantoak amaitzerakoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!