Euskadiko Hondartzako Boleibol Txapelketa, Tolosan

Ataria 2019ko ekainaren 7a

Gizonezkoen 17 urte azpiko Euskadiko Hondartzako Boleibol Txapelketa izango da jokoan, bihar, Tolosan. 10:00etan hasiko da lehia Ferialekuan, eta bertan sei bikotek parte hartuko dute.

Horietatik bi Toloboleiko gaztetxoak dira, guztiak tolosarrak: Oyarzabal eta Artola, batetik, eta Mitxelena eta Uranga, bestetik. Hiru taldeko bi multzo egingo dituzte, eta multzo bakoitzeko lehen sailkatuek jokatuko dute finala. 13:15ak aldera izango da txapeldunak erabakiko diren partida.

Tolobolei klubetik azaldu dutenez, «nahiz eta duela urte batzuk baino ospe handiagoa duen boleibolak, kirol minoritarioa izaten jarraitzen du. Bide horretan, Euskadiko Txapelketa Tolosara ekartzeak, 17 urtetik beherako gazteen eskutik, maila oneko boleibolaz gozatzeko aukera eskaintzen digu». Hori horrela, ikusle guztientzat ateak zabalduta izango dituztela azaldu dute Toloboleitik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!