"Baserrien bidez sartu zaigu toponimia familian, uda pasatzera baserrietara joaten ginelako"

Joxemi Saizar 2019ko eka. 7a, 19:59

Baionan bizi da, aspaldi, Xabier Elosegi (Tolosa, 1937), gaztetan Iparraldera ihes egin eta hainbat tokitan bizi eta gero. Peritu industrial ikasketak egin eta hainbat lanbidetan aritzeaz gain, hizkuntza, etxe zaharrak eta toponimia izan ditu zaletasun nagusi, bere aitak eta senide gehienek bezala.

Baditu argitaratutako hainbat liburu, azken biak, Le Dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak, Othoi çato etchera eta Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII. mendean. Bere lanaz, liburuez, bizitzaz eta gogoetez mintzatu da, bere etxean.

'Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII. mendean' kaleratu zenuen, iaz, Lapurdi 1609 elkartearen eskutik. Zein izan zen abiapuntua?

Nire bi lan horiek lotura zuzena dute Otoi çato etchera liburuarekin. Lamikiz, Padilla eta Videgainen eskutik atera zen, 2017an: Lamikiz bizkaitarrak, bere tesia prestatzen ari zela, 1757an euskaraz idatzitako gutun pila bat aurkitu zituen, Londresko artxibo batean. Sekulako altxorra, ordura arte horrelakorik ezagutzen ez zelako, eta inork espero ez zuelako, euskaraz XVIII. menderako hainbeste idatzi izatea. Saratik eta Lapurdiko beste herri batzuetatik Azkaine, Getari, Bidarte, Senpere, Ziburu, Donibane Lohizune, Hendaia Louisburgeko gotorlekuan (Kanada) bizi ziren kolono euskaldunei idatzitako gutunak dira. Eskutitz horiek bere osotasunean agertu ziren, eta baita ekonomia atlantiarrari, orduko lapurtar euskaldun alfabetatuei eta linguistikari buruzko lanak ere. Liburu ederra da, baina baditu hainbat gauza zuzenak ez direnak, toponimian, adibidez.

Saran hainbat urtez bizi izan nintzen, eta hango etxeei buruzko liburua idatzi nuen. Otoi çato etchera liburuko zenbait datu ez ziren zuzenak, nire ustez; gisa berean, Lapurdiko jende xehea euskaraz alfabetatua zela aipatzen da emakumeak barne behin eta berriro, baina hori mito hutsa da. Orduan, nire zuzenketekin eta gogoetekin idatzi nuen Le Dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak et gogoetak, Othoi çato etchera, zenbait hilabeteren buruan; orain kaleratu du Euskaltzaindiak, Iker bilduman.

Zergatik atzerapena?

Euskaltzaindiak baditu bereak diren arauak eta bere egiteko modua, eta horrek eragin du, gehienbat, liburu honen atzerapena.

Eta Senpereko euskarari buruzko liburua, nola egin duzu?

Notarioen dokumentu ofizialetan harribitxi asko topatu nituen: inbentarioak, testamentuak, etxe partitzeak, adituen txostenak, etxeko obrak egiteko aurrekontuak, Getariako portuan egiteko obra handiaren aurrekontua… Euskaraz eginak. Mota guztietakoak daude. Batez ere Senperekoak dira, baina badira Ahetze, Bidarte, Azkaine, Getaria eta beste lekuetako batzuk, horregatik jarri dut Lapurdi hitza izenburuan. Pentsa zer izaten ahal zen horrelako dokumentu multzoa, Tolosaldean topatua izan balitz!

Euskal Herriko notario guzien agiriak, digitalizazioaren bitartez, denen esku dira interneten. Hegoaldean digitalizazio lan hori eginik balego, zoramena izango litzateke lanerako!

Nola banatu duzu liburua?

Lehenik esan behar dut, notarioek beti frantsesez egiten zituztela agiriak, baina, han-hemenka, azaltzen dira euskarazko izkribuak, aktari nolabait itsatsiak

Martin Harismendy notarioa da oparoena. Bi zatitan banatu ditut haren agirietan topatu ditudan euskal testuak: orokorrak eta oihanei buruzkoak. Beste zazpi notarioren agirietan agertzen diren euskal testuak ere jaso ditut. Ez da linguistika lan bat, testu zaharren aurkezpen bat baizik ez da. Ez dut, beraz, ondoriorik atera, lan hori besteek egingo dutelakoan.

Zer moduzko harrera izan du lanak?

Orain arte ez dut ezer ikusi, linguistikaz arduratzen diren adituen aldetik. Ni peritu industriala naiz, ez naiz hizkuntzalaria, baina, nire ustez, hemengo unibertsitateek beharko lukete, horrelako euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko dokumentu horiez zerbait esan. Zoritxarrez, gaur egun egiten diren ikerketa lanak, gehienetan, espainieraz eta ingelesez egiten dira. Guti dira euskaraz ikertzen dutenak, hala nola, Ikergaztekoak.

Liburu horietan agertzen dena euskararen historia da, eta oso gutxi egiten da alor horretan. Kasurik onenean aipamen soil bat ikus dezakegu, baina batere segidarik gabekoa.

Iruña-Veleiaren kasua hor dago. Usteltzen utzia izan da, eta ez da ezer egin gehiago ikertzeko. Aldiz, badira hizkuntzalari eta jakintsuen ekarpenak, baina «aditu» ofizialen mundutik baztertuak dira.

Formazioz hizkuntzalaria ez izan arren, gustuko duzu gaia. Nola hasi zinen?

Hiru ikasgune izan ditut. Lehena etxean, familian, eta osaba Jesusen bidez [Aranzadiren sortzailea]. Bigarrena Carabancheleko kartzelaldian, sei hilabetez eibartarrez ikasi nuen nirekin batera zeudenekin. Hirugarrena hemen bizitzea izan da: lapurtera eta baxenabarrera ikasi, hemengo jendearekin integratzeko. Hemen bizitzeak asko lagundu dit, konturatzeko, espainierak hango euskara, eta frantsesak hemengoa zenbat kutsatu duten; ikaragarria da, eta ez gara konturatzen.

Euskara batuari buruz esan behar da, batzuek ez bezala, gipuzkoarrek ez dutela ezer galdu, eta ez dutela indarrik egin behar izan batua ulertzeko. Ez da horrela gertatzen asko galdu dutenekin: bizkaitarrak, Ipar euskal herritarrak... Horiek saiatu dira, halabeharrez.

Familian asko jorratu duzue toponimia.

Aita eta osaba zaleak ziren, eta seme gehienak aritu izan gara horrelako lanetan, nahiz eta adinean aurrera joan, horretan ari beti. Umetan eta gaztetan Tolosa inguruko herri txikietako etxe batzuetara joaten ginen, uda pasatzera, familia osoa: Goiatz, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Etxarri-Aranatz... Zorte handia izan genuen horrekin, asko ikasi genuelako. Baserrien bidez sartu zitzaigun euskara eta toponimia zaletasuna. Mendizaletasuna ere garrantzi handikoa izan da.

Abertzaletasuna nola jaso zenuen?

Osaba Jesus beti ari zen largabistekin eta, behin, Beizamako koba batean izan ginen batean, Hernion ikurrina jarri zutela esan zigun. 11 urte nituen eta zirrara eman zidan. Euskadi hitza zer zen ere ez nekien. Eskolan batzuk saltseroagoak ziren, eta zerbait gehiago bazekiten.

Niretzat Oargi garrantzitsua izan zen, apaiz gazte oso jatorrak izan genituen: Jose Antonio Etxezarreta, Karlos Agirre, Joseba Ulazia… Han JOC (Juventud Obrera Cristiana) eta gisa horretako mugimenduak ezagutu nituen, eta ikusi-aztertu-ekin metodologia zer zen ikasi nuen. Jende asko mugitzen zen bertan: Jose Miguel Ceberio, Jose Manuel Ugarte, Jose Antonio Lizarribar, Jose Antonio Jauregi, Jose Luis Lopetegi, Ignacio Goiogana, Eugenio Izagirre... Hitzaldiak ere antolatzen genituen, nahiz eta gure artean orduan dena erdaraz egin. Korazonistetan eta sakramentinoetan bazen giro euskaldunagoa.

Zein izan zen hurrengo pausoa?

Euskaltzalea nintzela banekien, baina abertzale zer zen ez nekien hogei urterekin. Zerbait egin beharra zegoen, frankismoaren kontra, eta Euskal Herriaren aldeko erresistentzian. Ez genekien oso ondo non sartzen ginen. Gero etorri ziren Ekin eta ETA.

Ikasten eta lanean ari zinen.

Bai, nire etxean denok egin dugu lana udan, ikasten ari ginen bitartean. Eta atzerriko hizkuntzak ikastera ere bidali gintuen familiak, ezagunen etxeetara. Peritu ikasketak egin nituen Donostian eta, Ramondin, Ibarrako kapsula fabrikan, urte pare batez egin nuen lan. Atxiloketaren ondoren berriro hartu ninduten, eta zuzendari izatea ere eskaini zidaten, baina alde egin behar izan nuen.

Nola izan zen?

Oso erraz, amarekin, anaia batekin eta Elena Onandia andregaiarekin, gaur egun nire emaztea denarekin, Dantxarineako benta batetik. Berehala lanean ari nintzen Hazparneko kolegioan; Piarres Xarriton zen zuzendaria eta Txillardegi eta Jean Louis Davant ziren irakasleetako batzuk. Davant-ekin asko ikasi nuen. Lanetik bizi izan naiz beti.

Itzultzeko asmorik ba al zenuen?

Batzuk uste zuten laster itzuliko ginela, baina ezin zen jakin zer gertatuko zen. Orduan ETA ez zen gauza asko egiteko gai, gaitasun militarrik ez zuen. Lehen bi biltzarretan egon nintzen, Beloken eta Capbretonen, oso jende gutxi ginen. Franco hil eta, amnistia eman zutenean, itzultzeko aukera izan nuen. 14 urte kanpoan egon ondoren, Tolosara itzuli nintzen, 1976ko azkenaldian. Bederatzi urtez Bordele ondoan aritu nintzen lanean, Frantziako administrazioak ohildurik. Ordurako nire ohiltze-agindua bukatuta, Baionan eskaini zidaten lana, eta bertan gelditzea erabaki genuen. Ordurako bi seme bagenituen, eta ez nuen zalantzarik. Nire herrian nengoen, inguru euskaldunean, eta oso gustura. 27 urtez aritu naiz bertako lantegi horretan, erretiroa hartu arte.

Semeek zure bidea jarraitu al dute?

Eñaut Xalbador kolegioko zuzendaria da eta, Laskorain ikastolarekin trukea dutenetik, Tolosarako zaletasuna berpiztu zaio. Iker Laborantza Ganbaran ari da lanean, eta bere semea Txomin bertsolari izan zen, eta orain ere badu sena horretarako. Orain Txomin aita izan da, birramona-birraitona egin gaituzte. Bigarren eta hirugarren belaunaldiak euskaldunak dira; laugarrena, ikusi egin behar.

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?

Erabiltzen ez bada, oso gaizki, nahiz eta euskaldun asko izan. Erortzen ari da erabilera. Kanboko kolegioan haur guztiak frantsesez ari dira irteeran. Semeen haurrak oso euskaltzaleak dira, militanteak, eta haien lagunekin euskaraz egitea lortzen dute, baina, ezin da ukatu, euskaldun gisa jokatzen dutenak ghetto batzuk direla, gutxiengoa. Erraz jotzen da, hemen, frantsesaren aldera. Alde horretatik ez naiz optimista.

Eta Euskal Herria aldatzeko aukera ikusten duzu?

Hego Euskal Herrian ondo bizi den jendea bada eta horiek ez dute ikusi nahi ere, besterik badela! Planeta bakarra daukagu eta izorratzen ari gara, ez dago aski militantziarik. Hegoaldean abertzaletasuna deskafeinatzen ari da, barne ideologiaz hustutzen, hainbeste kritikatu ditugunen abertzaletasuna bezala. Euskal Herrian, une batean zegoen indarrarekin, posible zen zerbait egitea, baina orain… Desideologizazio hori alderdi guztietan gertatzen ari da.

Europako hauteskundeetarako, abertzaleentzat aukera bakarra Korsikako eta Bretainiako abertzaleekin eta berdeekin egindako zerrenda bozkatzea izan da. Baina ezin ahaztu Europa kapitalista hutsa dela.

Jaka horien mugimenduak indar handia hartu du. Nola ikusten duzu?

Kontraesan izugarriak ditu. Kexatu ziren gasolinaren prezioa igo zelako eta abiadura mugatu zutelako. Hasieran antiekologistak ziren, baina, pixkana, ekologistak ari dira bilakatzen. Jipoituak izan dira, Katalunian bezala, baina argi dago zerbait lortzen ari direla. CGT sindikatu indartsua konturatu da, hilabete batzuetan eurek urtetan lortu dutena baino gehiago lortu dutela. Orain haiengana hurbiltzen ari dira, teorian behintzat.

Alderdi politikoa bilaka daiteke?

Ez dakit ona izango litzakeen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!