Tic-Tac antzerki tailerrak landutakoa erakutsiko du

Ataria 2019ko ekainaren 7a

Leidor aretoan, gaur, 20:30ean, Alfredo Sanzolen Delicadas antzezlanaren 'Txuri' egokitzapena eskainiko dute.

Tolosako kultur etxeko Tic-Tac antzerki tailerrak ikasturtea biribilduko du gaur. 26 lagunek osatu dute tailerra, 2018-19 ikasturtean. Askotarikoa da taldea, gazte zein heldu, eta horrexek egiten du, taldekideen hitzetan, bidaia hau «errealago eta aberatsago».

Elena Aranbarri antzerki tailerraren zuzendariak azaldu duenez, izaeradun emakumeen mapa eratzen duen mosaikoz dago osatua, Txuri antzezlana: «Indar handiarekin bizitzari aurre egin zioten emakumeak, garai ezberdinetara bikaintasunez egokituz. Umorez beteriko emakumeen istorioa da. Bertute handi hori, biziraupenaren parte dena, bizitzarena, min guztien sendatzea da».

Txuri izenburuarekin bat datorren eszenaratzea prestatu dute: «Jendeak beste toki batera bidaiatuko lukeenaren sentsazioa helarazi nahi dugu; planeta ezberdin bat, non hainbat eta hainbat gertakari ezberdin jazotzen diren». Aranbarrik azaldu duenez, «agertokian emakume abaniko zabala ikusiko da, bizipen ezberdinak, bitxikeriak, irri zein minak. Antzerki taldearen ispilu da, gure aniztasunaren isla. Talde lana eta ilusio ikaragarria jarri dugu». Antzezlana euskaraz zein gazteleraz eskainiko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!