Milioika lagunen arreta eta denbora konkistatu ditu GOT fenomenoak. Zortzi denboraldiak ikusi dituztenek, esaterako, euren bizitzetako 3 egun baino gehiago eskaini dizkiote, oso-osorik, telesailari; hau da, 75 ordu edo, zehatzago, 4.500 minutu. Beraz, dimentsio horiek aintzat hartuta, mota guztietako indarkeria eta muturrera eramandako botere nahiaren eskemekin amaituz, telesailari emandako amaiera duin eta eredugarriaren aldeko bandoan kokatu naiz ni: bereziki, fikzioa eta errealitatea bereizteko arazoak dituzten horiekin guztiekin elkartasunez —epidemia kezkagarria da—, tramaren eta pertsonaien bilakaera feminista, demokratikoa eta baketsua, haien eta denon onerako izan delakoan.
Hamaika irakurketa eta kritika plazaratu dira azken kapituluaz. Irantzu Varelak Pikara aldizkarian idatzitako Nik Sansa bozkatuko dut artikuluan —gaztelaniaz dago— ezin hobeto aztertu du protagonistetako baten bilakaera, feminismoaren ikuspegitik. Zer den fikziozko pertsonaia bati errealitateak gainezka egitea. Mota guztietako indarkeria konstantea, edertasun hegemonikoaren eta feminitatearen inposizioa, umiliazioa, kolpeak eta beldurra jasan dituen neska gazteak nola borrokatzen duen, bere patuaren norabidea erabat aldatzeko. Eta nola bihurtzen den emakume inteligente, justu, independente eta independentista. Bere lurraren jabe izan nahi duena, indarkeriarik erabili gabe, eta boterea herritarren zerbitzurako erabiliz.
Bestelako ikuspegi batetik aztertuta, aldiz, lagun batek hiru leziotan laburbildu ditu azken kapituluaren ondorioak. Batetik, erakutsi du bozkatzeak ez duela zatitzen; alderantziz, indarkeria ekiditeko, gizartearen kohesioa bermatzeko eta adostasunak agertzeko tresna bat dela. Bestetik, erregeak eta erreginak ez direla jaiotzen, aukeratu egiten direla. Eta, azkenik, zazpi lurraldeen artean badela bat ezberdina dena —Winterfell— eta, gertatzen dena gertatzen dela, beti izango dela independentea.
Amerikar Estatu Batuetako idazle baten istorioaren eta HBO bezalako munstro handi baten nahasketatik, fikzioaren eta errealitatearen arteko hari fin horretan oreka duin bat lortu izana bezain goraipatzekoa da, Euskal Herrian —bederen— hain gure sentitzen ditugun balio eta aldarrien paralelismoak jasotzea.
Fikzioak errealitatea eraldatzeko balioko balu, beharbada errealitateak baino gehiago heziko gintuzke.