Harri jasarik ez da izango Bedaion

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko eka. 6a, 19:58

Eguzkiak egin die lehen harrera, gaur, bedaiotarrei, eta Harri Jaia eguna izaki, aurtengo uzta babesteko eskaera ere egina dute. Harri Jaia usadio zaharrari bikain eutsiz ospatzen dute Bedaion.

Urteetan egin duten moduan, meza nagusian San Isidrori aurtengo uzta zaintzeko eskatu diote. Ia ordubeteko mezaren ostean, zain zituzten bertsolariak eta trikitilariak. Jendea mezetatik ateratzearekin batera, kanpoan zain zituztenek, festari hasiera emateko bi suziri bota dituzte airera.

Elizatik egin den prozesiorik jendetsuena, Artubi elkarterako bidean egindakoa izan da. Elkarteraino Aiora Beloki eta Eider Zubillagaren trikiti doinuei, Mendik jarri die pandero hotsa. Bidezidorra hartu duenik ere izan da, eta mahaian eserita itxaron diete gainerakoei. Hamaiketako ederra egiteko mahaiak zain zituzten prest jarrita. Mikel Artola eta Unai Mendizabal Mendi bertsolariek saio txiki bat egin ostean, saldaz, haragi egosiaz eta txorizoz bete dituzte, tripak, kontu kontari. Elkarteko kideek mimoz zaindu dituzte bertaratutakoak, eta jan beharrekoak janda, trikiti doinuak eta bertsoak izan dituzte entzungai.

Elkartetik metro gutxiko bidean, bazkaria egin dute Abaetxe jatetxean, eta goizeko bideari jarraituz, bapo bazkaldu eta gero, trikiti doinuez eta bertsoez gozatzeko aukera izan dute.

Arratsalde pasa ederra egin ostean, egunari jarraipena eman nahi izan dionak, aukera izango du, Artubi elkarterako prozesioa eginez. Afaria egingo dute bedaiotarrek eta, horrenbestez, aurtengoarekin ere, uxatu dituzte eguraldi txarrak.

Uzta onik ez da faltako, beraz, Bedaioko baserri eta etxeetan.

Erlazionatuak

Bedaioko Harri Jaia eguna

Tolosaldeko Ataria 2019 eka 06 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!