Energiaren superheroiek bat egingo dute Zumardiaundian

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 7a, 08:59

Energia aurrezteko kanpaina berri bat abian jarri zuten martxoan, eta bihar izango da amaiera festa, jolasekin.

Nazioarteko kezka nagusietako bat da ingurumen egoera, batez ere, energiaren alorrean. Eskualdeko gaztetxoek, kontzientziazio bidean, duela hiru hilabete ekin zioten energia aurrezteko kanpainari. Horretarako, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak lanketa berezia egin du.

Azken hiruhilekoan, aurrezteko erronkak proposatuz, ekintza ugari burutu dituzte, Energiaren superheroia izateko gida erabiliz. Izpi superheroiaren laguntzaz, egunerokotasunean energia aurrezteko urratsak eman dituzte. Horrela, puntuak lortu, eta superheroien taldera batzeko aukera izan dute.

Kanpainak arrakasta handia izan du. Eskualdeko herri guztietako ikasleei banatu zieten liburuxka, eta segituan agortu zituzten Izpi superheroiaren lehen 300 kapa eta antifazak. Ondorioz, gehiago eskatu behar izan zituzten. «Haurren konpromiso mailari balioa eman, eta egindako ahalegina zoriondu nahi dugu», diote garapen agentziatik. Superheroi egiteko eta gidaren bertsio digitala eskuratzeko aukera dago, oraindik, tolosaldeagaratzen.eus webgunean.

SUPERHEROIEN I. TOPAKETA

Atzo ospatu zen Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Hain justu, ospakizun hori baliatuko dute, kanpainarekin amaitzeko. Lehenik eta behin, atzo, familiarteko auzolana eta hainbat tailer egin zituzten Zizurkilen. Adunako kultur etxean, berriz, birgaitzeari buruzko saio praktikoa.

Bestetik, bihar, Energiaren Superheroien I. Topaketa ospatuko dute Zumardiaundian, Tolosaldea Garatzenek antolatuta. Jolasak eta frogak egingo dituzte eta, ondoren, superheroi guztiekin argazki erraldoi bat aterako dute. Antolatzaileek Izpiren kapa eta antifazarekin bertaratzea eskatu diete eskualdeko ikasleei. Biharkoa, ordea, ez da azken ekitaldia izango. Igandean, mendi irteera egingo dute Adunan.

EGITARAUA

Ekainak 7, ostirala

17:30. Ginkana eta jolasak, Intujairen eskutik.

18:30. Merienda eta superheroien argazki erraldoia.

19:00. Ekitaldiaren amaiera.

*Eguraldi txarra eginez gero, bertan behera geldituko da.

Ekainak 9, igandea

9:30-11:30. Adunako biodibertsitatea eta fauna ezagutzeko mendi irteera, herriko plazatik abiatuta. Arropa eta oinetako erosoak, ura eta prismatikoak eramatea gomendatzen dute. Gehienez, 30 lagun. Izena aldez aurretik eman behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!