San Esteban auzoan hainbat konponketa egingo ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 6a, 11:58

Ekainaren bigarren hamabostaldian hasiko dira eraberritze lanekin, eta hilabeteko epean egitea aurreikusi dute; guztira, 48.253 euroko inbertsioa egingo du udalak.

San Estebanen bizi diren herritarrek urteak daramatzate euren auzoaren itxura berritzeko proposamenak egiten. 2017an, lehen eraberritze lanak osatu zituzten. Egoera sozioekonomikoak eta herritarren beharrak, ordea, aldatuz joan dira. Orain, auzoaren garapena egungo errealitatera egokituko dute, etorkizun hurbilean egikaritu ahal izateko.

Hain zuzen, hil honen bigarren hamabostaldian, zoladura, espaloi, alkorke, argiztapen eta hiri-altzarien egoera hobetuko da. Batetik, kale nagusian San Joan kalean, 138 metro karratu espaloi eraberritu eta txukunduko dituzte, egungo ezaugarriak mantenduz, eta espaloietako alkorkeak pabimentu drenantez beteko dituzte. Bestetik, anbulatorioko parkingaren sarrera, Zuberoa etxe multzoaren eta auto kontzesionarioko sarbidea asfaltatuko dituzte. Azken eremu horretan, gainera, argiztapena berrituko dute, bertan dagoen elektrizitate postea eraitsiz. Azkenik, hiri altzariak berrituko dituzte, 14 banku ordezkatuz, parkeko egurrezko baranda konponduz, hormigoizko hesiak lore eta landarez ordezkatuz, eta Ferialekuko aparkalekuaren sare metalikoa berrituz.

Guztira 48.253 euroko inbertsioa egingo du udalak, eta lanek hilabete irautea aurreikusi dute. Olatz Peon jarduneko alkateak azaldu duenez, «helburua, espazio publikoa berregokitzea» da: «Auzoaren hirigintza egoerak mantentze lanak egitea eskatzen du eta, etxebizitza berriak eraikitzeaz harago, oinezkoentzako egokitua eta kulturalki bizia izango den eremua eskainiko dugu».

AUZO ATSEGINAGOA

Martxoan, eremu horri eragiten dion Plan Orokorraren aldaketaren prozedurari ekin zioten. Hori dela eta, auzoaren azterketa sakonagoa eta zehatzagoa osatzea da helburua, auzotar eta eragileekin elkarlanean. Udaletik diotenez, «auzoaren garapena fasez fase egitea ezinbestekoa da, bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera». Diagnostiko horrek kontuan hartuko ditu jasangarritasuna, mugikortasuna eta genero ikuspegia. Eremu atseginagoa bihurtzea nahi dute, herriko erdigunearekin duen konexioa hobetuz, trafiko eremua gutxituz eta oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna bermatuz.

Aldi berean, garraio zerbitzu publikoak hobetu eta aparkalekuak berrantolatuko dituzte. Kultur arloa ere mantendu eta sustatuko dute, Bonbereneak bere jarduerak aurrera eramateko beharrezko eremua aurreikusiz, Ferialekua handitu eta hobetzeko bideak aztertuz eta jarduera gehiago sortzeko aukerak sortuz. Azkenik, beharrezko etxebizitza kopurua zehaztuko dute, babes ofizialekoen eta alokairu sozialekoen kopurua aurreikusiz. Hortaz, auzoa biziberritzearen prozesu osoak 17 hilabete inguru irautea aurreikusi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!