25 urterako kontratua sinatu dute udalak eta Musika Bandak

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 6a, 08:59

Aurrerantzean, udalaren zerbitzu bat izatera igaroko da. Gutxienez, 25 emanaldi eskainiko ditu urtean, eta 147.000 euroko laguntza jasoko du.

Tolosako Udalak eta Musika Bandak, 25 urterako hitzarmena izenpetu berri dute. Udalak urteko 147.000 euroko ekarpena egingo dio bandari. Kontratuan jasotzen da, gainera, udal zerbitzua izatera igaro den bandak, formatu, testuinguru eta mota ezberdinetako emanaldiak eskaini behar dituela, Tolosan eta herritik kanpo. Urtean, gutxienez, 25 ohiko emanaldi eskainiko ditu, baita aurrez adostutako ez ohiko hainbat kontzertu ere.

Era berean, emankizunetan banda osatu behar duten gutxieneko musikari kopurua zehaztu da: haize-egurrezko instrumentuak jotzeko 18 lagun, haize-metalezkoak jotzeko 14, eta perkusiozkoak jotzeko, 3. Horrez gain, astean gutxienez 2 aldiz entseatuko dute, interpretazio musikalaren kalitatea bermatzeko.

Bestetik, musika bandako kideak Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako ikasleak edo ikasle ohiak izatea eskatzen da, salbuespen egoeretan izan ezik. Gainera, elkarteak ordainduko ditu kideen, instrumentuen, jantzien eta garraioaren gastuak.

Olatz Peon funtzioetan alkatea denak adierazi du musika banda «guztiz errotua» dagoen elkartea dela. «Tolosaren kultur-bizitzan garrantzi handia izan du, gure nortasunaren parte garrantzitsua da, eta herriaren sormen kultural zein musikalean zeresan handia du. Datozen urteetan jarraipena izango du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!