Bihar Harri Jaia eguna ospatuko dute Bedaion

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ekainaren 5a

Bedaiotarrek kuttuna duten eguna da Harri Jaia; uzta babesteko eskatu ostean, bertso eta trikiti doinuz lagunduta egingo dituzte otorduak.

Urteetako historia du Harri Jaia egunak Bedaion, eta urtero-urtero, usadioari jarraituz hutsik egin gabe ospatzen dute. Asentzio egunetik zortzi egunetara, hau da, ostegunez ospatzen den jai herrikoia da. Egun berezia eta maitatua dute bedaiotarrek.

11:00etan emango diote egunari hasiera, eta meza nagusia entzuteko aukera izango dute elizan, Unai Mendizabal Mendi eta Mikel Artola bertsolariekin.

Ondoren, prozesioa egingo da San Isidro santua ateraz elizatik. Nekazaritzak eta erlijioak bat egiten duten eguna da Harri Jaia eta uztak babesteko eskatuko diote San Isidrori. Harri jasa batek uzta guztiak suntsitu zituen, eta orduz geroztik, Harri Jaia eguna egiten dute uztak babesteko eskatuz.

Meza ondoren, eta behin prozesioa amaituta, hamaiketako ederra egingo dute Artubi elkartean. Txorizoa, haragi egosia eta salda izango dituzte prest antolatzaileek, bertaratzen diren guztientzat.

Unai Mendizabal Mendi zizurkildarra eta Mikel Artola alegiar bertsolariak bertsotan egin dute saioa, eta Fidel eta Eva Dorronsoro aita-alabak, trikitia eta panderoa astinduko dituzte hamaiketako garaian, dantzarako aukera eskainiz.

14:30ean bazkaria izango da Abaetxe jatetxean. Ondoren, merienda garaian trikitilariek eta bertsolariek bigarren saioa eskainiko dute.

Eguna bukatzeko eta aurtengo Harri Jaiari amaiera emateko, jan-edanak ez du amaierarik izango eta, 21:00etan herri afaria egingo dute Artubi Elkartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!