Irene Caminos omendu dute, Bisigu eta Sagardo Festaren irekiera ekitaldian

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 1a, 17:54

Eguerdian, ofizialki eman diote hasiera XI. Bisigu eta Sagardo Festari, Zerkausian. Bertan, bike trialean aritzen den tolosarrak opariak jasotzeaz gain, zinta ebakitzeko ohorea izan du. Zerkausiko otorduetarako txartel gutxi batzuk daude salgai oraindik.

Udal ordezkariekin batera, antolatzaileak bildu dira, goizean, Tolosako Zerkausian, Bisigu eta Sagardo Festari behar bezalako hasiera emateko. Asteburu osoan zehar, era guztietako ekitaldiak izango dira Tolosan. Hain justu, atzo eman zioten hasiera, Txinparta elkartean egindako uztartze afariarekin. Jon Ormazabal bazkideak adierazi duenez, “oso giro onean ospatu zen afaria, eta elkartea bete egin zen. Edateaz gain, sagardoari bestelako etekin batzuk ateratzen zaizkiola ere ikasi genuen”.

 

Urtero, eskualdeko norbait omentzen dute, eta aurten, Irene Caminos bike trial modalitateko txapeldunaren esku utzi dute festari hasiera emateko ardura, Tolosaren izena mundu guztian zehar zabaltzeagatik. Agurra dantzatu ondoren, oroigarri bat eta lore sorta bat eman dizkiote. Irenek ere bere argazki bat oparitu die bueltan antolatzaileei. Iaz ere gonbidatu zuten, baina proba bat medio, ezin izan zuen bertaratu. “Horrelako gauzak beti dira oso politak. Kanpoan egon ondoren, herrira itzultzean, tolosarren eskutik jasotzen dudan berotasuna eskertzekoa izaten da”.

 

Espainiako Kopako lehen probak jokatu ondoren, San Juan festetan ere kanpora joan beharko du. Hain justu, Kartagenan jokatuko du Espainiako Txapelketa. “Ondoren etorriko dira Munduko Kopako probak eta Europako eta Munduko txapelketak”. Udan nahiz aurrerago, herrian egoteko aukera gutxi izango duenez, gaurkoa bezalako egunak aprobetxatu nahi ditu Caminosek. Irekiera ekitaldia behar bezala hasteko, zinta moztu du tolosarrak, eta ondoren sagardo kopekin topa egin du, Txinparta elkarteko bazkideekin eta udal ordezkariekin. “Inoiz ez dut bisigua jan, eta beraz badut dastatzeko gogoa”.

 

Hain justu, bisigu menua dastatzeko aukera izan da, eguerdian. 200 bat lagun bildu dira Zerkausian, Orio estilora prestatutako jakiaz gozatzeko. Gaur gauean eta bihar eguerdian ere izango dira bazkariak. Jantokia, baina, ez da Zerkausian jarri duten gune bakarra. Sagardoaren Txokoa ere goizean ireki dute. Bertan, eskualdeko sagardoak edateko eta pintxo ezberdinak jateko aukera izango da. Iluntzean, gainera, lehendik ere berotuko den arren, giroa gehiago berotzeko Aitor Mendiluze eta Haritz Mujika bertsolariek dastatzen duten sagardoa bertsotara eramango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!