450 txirrindulari inguru elkartuko dira Abraham Olano Zikloturista Martxan

Imanol Garcia Landa 2019ko maiatzaren 31

Tolosako Usabal kiroldegiaren aurrealdetik izango du irteera, VI. Abraham Olano Zikloturista Martxak. Igande honetan da hitzordua, 08:00etan. Guztira 450 txirrindulari inguru daude izena emanda parte hartzeko, orain arteko kopuru handiena, eta bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzea, 157 kilometrokoa, eta motza, 94 kilometrokoa.

Ibilbide motzak ondorengo bidea du: Tolosa, Villabona, Asteasu, Andazarrateko gaina, Zarautz, Getaria, Garateko gaina, Meagas, Aizarna, Etumetako gaina, Errezil, Bidaniako gaina, Bidania-Goiatz, Albiztur eta Tolosa. Ibilbide luzea egin nahi dutenek aurrera jarraituko dute, ondorego bidea eginez: Leaburu, Belauntza, Ibarra, Berrobi, Berastegi, Leitza, Uitziko gaina, Lekunberri, Azpirotz Gaina, Betelu, Lizartza eta Tolosa.

Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen du martxa, eta Aitor Aiertza bertako lehendakariak gogora ekarri duenez, «ez da lehiaketa bat, eta ez da sailkapenik egiten. Ertzaintza egoten da lasterketa kontrolatzen, bai aurrean eta bai atzean, eta errepideko arau guztiak errespetatu egin behar dira». Ibilbide luzearen kilometro kopurua mozteak inoiz izan den parte hartze handiena eragin duela uste du Aiertzak. Abraham Olano bera ez da izango, Gabonen baitago, hango txirrindulari selekzioaren hautatzaile moduan, baina izen ezagunak egongo dira irteera puntuan: Haimar Zubeldia txirrindulari ohia eta Xabi Fernandez nabigatzaile ibartarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!