Finalerdietan, Aurrera de Vitoria

Imanol Garcia Landa 2019ko maiatzaren 31

Tolosa CFko jokalariak gol bat ospatzen. JaviUrola

Beste neurketa bat gainditu eta finalerdietara iritsi da Tolosa CFko emakumeen talde nagusia, Euskadiko Federazio Kopan. Hurrengo aurkaria Aurrera de Vitoria izango da, eta bi partidetara izango da finalerdia: lehenengo kanpoan eta gero etxean jokatuko dute.

Beasaingo Goierri Gorriren aurka gainditu zuten final-laurdenen kanporaketa, 1-3 irabaziz. «Etxetik kanpo beti da zailagoa jokatzea, eta partida batera izanda, edozer gauza gertatu daiteke», esan du Imanol Cabero entrenatzaileak. «Ondo atera ginen, eta nik uste dut lehenengo zatia gurea izan zela, jabetzaren aldetik, eta aukera gehiago ere izan genituen». Golik gabe bukatu zen lehen zatia, eta bigarrengoan hamar minutura sartu zuten lehen gola, Ainhoa Bengoetxearen bitartez. Gero, banakoa sartu zuten Goierri Gorrikoek, eta zenbait minututan sufritzen aritu ziren. «Penalti bati esker Maddik bigarrena sartu zuen, eta 94. minutuan hirugarrena sartu zuen Saioak. Bigarren zatiko minutu batzuk gaizki pasatu genituen, baina gero partida ondo bukatu genuen, baloia berreskuratuz».

Entrenatzaileak azaldu duenez, «sekulakoa da neskak jartzen ari diren gogoa finalerdietara pasatzeko eta lehiatzen jarraitzeko. Zaila da behin igoera lortuta, orain kopan jarraitzea maila horrekin». Aurrera de Vitoria bigarren mailako taldea da eta bederatzigarren bukatu du liga. «Argi dago faboritoak beraiek direla, maila bat gorago baitaude. Aukera gehiago ere izango dituzte, bi partidetan erabakitzen denez, zailagoa izango da guretzat ezustekoa ematea. Gogoz gaude, behintzat, bi partidetan lehiatzeko, eta Usabalera aukerekin iristeko». Igande honetan jokatuko dute joaneko partida, Gasteizko Olaranbe futbol zelaian, 11:30ean hasita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!