Txikien proiektu handia

Irati Urdalleta 2019ko mai. 31a, 11:59

Juantxo Zeberiok haurrak protagonista dituen 'Xomorroak' diskoa kaleratu berri du. Hainbat kolaboratzaileren laguntza izan du horretarako, besteak, beste, Donostiako Orfeoi Txiki eta Gaztearena, eta Et Incarnatus orkestrarena. Gaur, 20:30ean, aurkezpen kontzertua emango dute Leidorren.

Aspalditik zuen amets bati jarraituz, Xomorroak diskoa kaleratu du Juantxo Zeberiok, hainbat laguntzailerekin batera. Besteak beste Donostiako Orfeoi Txikia eta Gaztea, Et Incarnatus orkestra eta beste hainbat kolaboratzaile izan ditu ondoan. Konposizioak, moldaketak eta zuzendaritza musikala, berriz, Zeberiorenak berarenak izan dira. "Niretzat, talde bat baino gehiago, proiektu bat da", azpimarratu du.

Disko hau grabatzeko prozesua ez zen atzo goizean hasi. Zeberioren haurrak Laskorain Ikastolako abesbatzan hasi ziren kantari, duela hainbat urte. Orduan, beraientzako abestiak konposatzen nahiz entsegu eta kontzertuetarako idazten hasi zen Zeberio. "Orain, pixka bat kozkortu direnean, baneukan gogoa kantu horiek guztiak bildu, eta ziklo horri itxiera moduko bat emateko", azaldu du.

Helburu horrekin, haurrentzako konposatu zituen abesti guztien partiturak bildu eta txukundu egin behar izan zituen. Gainera, hainbat moldaketa ere egin behar izan ditu orkestrarentzako, abesbatzentzako nahiz laukoteentzako egokitzeko. Diskoa osatze aldera, beste hiruzpalau abesti ere konposatu ditu. Zeberiok egindako abesti horiez gain, hainbat euskal katuren bertsioak ere badaude; Ken Zazpiren Gernikan eta Ilargia edo Zea Maysen Negua joan da ta, esaterako.

Grabaketa lanek, berriz, ia urtebete iraun dute, hain zuzen ere, 2018ko martxoan hasi eta azaroan edo abenduan amaitu baitzituzten. Azkenik, urtarrilean nahasketak egin, eta orain, iritsi da lan horren guztiaren emaitza islatzen duen diskoa plazaratzeko momentua. Izan ere, dagoeneko prest dago hamaika kantuz osatutako Zeberioren laugarren diskoa.

Xomorroak deitzen da lan horren guztiaren emaitza. "Diskoarena, berez, kantu baten izena ere bada", azaldu du Zeberiok. Karlos Linazasoro idazle eta poetak egindakoak dira, diskorako Zeberiok sortutako kantu berrien letra gehienak. Azala, berriz, Alberto Letamendi margolari eta eskultoreak egindako koadro bat da. Gaur egungo gizarteari buruzko mezua daukala azaldu du Zeberiok. Izan ere, jendea ikusten da, goiko aldetik, zirkulu moduko batean, eta xomorro itxura ere badaukate. "Askotan, umeei ere horrela deitzen diegu, eta iruditu zitzaidan hitz horrek elementu guztiak hartzen zituela, eta ondo kondentsatzen zuela, izenburu bezala, diskoan topa daitekeena", azaldu du Juantxo Zeberiok.

Umeek protagonismo handia izan dute diskoa grabatu eta plazaratzeko prozesu guztian: "Ez da hainbeste haurrentzat egindako disko bat, baizik eta haurrekin egindako disko bat", zehaztu du Zeberiok. Hala ere, abestiak umeek naturalki ikasi eta kantatzeko modukoak direla pentsatzen du.

Diskoa Zeberiok berak entzuten duen musikaren isla ere badela dio: "Asko ibili izan naiz jazz munduan, eta pop herri kantariekin. Beraz, egin ditudan kantuak nire moldekoak dira". Gainera, orkestra bat ere badago, eta baita bateria, pianoa, saxoa eta baxua ere. Horrela lortu dituzte diskoan islatzen diren estilo desberdinak: afrikar koloreko kantuak; pop abestiak; eta rap bat ere bada, Glaukoma taldeko Juantxo Arakamak kantatutakoa.

Estilo desberdin horien artean, abesbatzek presentzia handia daukate: "Beti eduki izan dut hanka bat abesbatzen mundu horretan. Izan ere, anai bat zuzendari dut, eta gurasoak ere Tolosako abesbatza lehiaketan ibiltzen ziren".

Xomorroak izango da Zeberioren ibilbideko laugarren diskoa. Hain zuzen ere, Umama, Umama 2 eta Eguberri Umama atera zituen aurretik, helduen abesbatzekin. Orain haurrei eta gazteei eman die protagonismoa. Horretarako, Donostiako Orfeoi Txikiaren eta Gaztearen parte hartzea izan dute. Zeberiok azaldu duenez, gustura aritu da beraiekin lanean: "Haurrekin lan egitea esperientzia ederra da, ez daukatelako tranparik. Abesti bat gustatzen bazaie gustura kantatzen dute, eta, ez bazaie gustatzen, ez hainbeste". Lan egiteko "zoragarria" izateaz gain, "erronka" bat ere izan dela azaldu du Zeberiok. Gainera, umeek benetako esperientzia bat bizitzea ere nahi izan du: "Haurrekin lan egiterakoan, gauzak ez dira erdizka egin behar. Hau umeekin egindako disko eta proiektu bat da, eta oso goxoa baina kalitate handikoa izatea bilatu dugu ", gaineratu du.

Abesbatzetatik aparte ere egin du bidea Juantxo Zeberiok, hainbat esparrutan ibiltzea gustatzen baitzaio. Besteak beste, Benito Lertxundirekin eta Maddi Oihenartekin aritzen da, baita hari orkestretan eta jazz koloreko edo salsako taldeetan ere. Diskoko gainontzeko parte hartzaileekin ere egin izan du lan aurretik. Et Incarnatus hari orkestrako zuzendaria du anaia, eta Zeberiok berak ere parte hartu izan du bertan, pianoa joz. "Orkestrako parte sentitzen naiz, hamaika kontzertu eta proiektutan elkarrekin ibili izan garelako". Orfeoi Txiki eta Gaztearekin, berriz, ez du zuzenean inoiz lanik egin izan, baina beste guztiekin bai: "Tenporako Hasier Oleagarekin eta Itsaso Etxebesterekin aritu izan naiz, eta Amaiur Cajaravillek kontrabaxua jotzen du Benito Lertxundirekin". Gainera, Gorka Benitez, Ion Arruabarena edo Antton Telleria ere izan ditu ondoan, haurrekin egindako beste proiektu batzuetan. "Denekin harreman luze eta emankorra izan dut", baieztatu du Zeberiok.

Leidorreko kontzertua

Aurretik egindako lan horrek guztiak fruitua eman berri du: Xomorroak diskoa. Gaur emango dute lehenengo aurkezpen kontzertua, 20:30ean, Leidorren. Horretarako, bertan izango dira, Itsaso Etxebeste baxuarekin, Ion Arruabarrena eta Gorka Benitez saxoarekin, Antton Telleria bateria joz, Donostiako Orfeoi Txiki eta Gazteko kideak kantua, nahiz Et Incarnatus orkestra.

Kontzertua, batez ere, diskoa izango dela baieztatu du: "Diskoko elementu guztiak egongo dira bertan, eta sorpresaren bat ere bai". Hala ere, desberdintasun txikiren bat ere izango da. Izan ere, orfeoi gazteak abesti bat edo bat eta erdi bakarrik kantatzen ditu diskoan, eta, iruditzen zitzaienez horretarako bakarrik etortzeak ez zeukala zentzurik, beste bizpahiru abesti ere kantatuko dituzte. "Diskoa etxean jartzen duzunean, goxo entzuteko moduko musika dela pentsatzen dugu". Disko batean islatzea zailagoa den emozio puntu ere izango duela dio Zeberiok. Horretarako, diskoko parte hartzaile guztiak izango dira kontzertuan: "Gutxitan egoten da aukera orfeoi txikia, orfeoi gaztea, orkestra... zuzenean batera ikusteko. Uste dut oso kontzertu beroa eta hunkitzeko egokia izango dela, eta zuzenekoek daukaten xarma hori izango duela".

Etorkizunera begira

Proiektuak jarraituko du, Tolosako aurkezpenetik aurrera ere. Izan ere, asmoa dute, lehen aurkezpena egin ondoren, Euskal Herriko herrialde bakoitzean bertako abesbatzaren batekin emanaldi bat behintzat egiteko. Hiriburuetan proiektua aurkeztu nahi dute, baina, beti abesbatza bera erabili beharrean, Juantxo Zeberiori iruditzen zaio, interesgarriagoa dela lekuan lekukoak erabiltzea. "Lurralde bakoitzeko abesbatza indartsuenekin lanean ari gara, proiektura batu daitezen". Momentuz, Tolosako aurkezpena soilik dute lotuta. "Gauza handia da eta lana emango digu", gaineratu du. Bestela, Benito Lertxundirekin kontzertuak ematen ere jarraitzen du eta, udazkenean, pare bat eskainiko dituzte. Tenporarekin ere, udazkenean disko berria grabatu, eta hurrengo urtean aurkezten hastea espero du. Proiektu ugari ditu aurrean, beraz, Zeberiok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!