Konposta gaitezen!

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2019ko eka. 1a, 08:59

Argazkia: Joke Vander Leu / Pixabay

Bizitzak ziurgabetasun asko ditu, bai, baina, bada ziurra den egia biribil bat: guztiok hil egingo gara. Agian ez hemen, eta ez orain. Agian bihar ere ez. Halere, eguna iritsi, iritsiko da.

Litekeena da Zientziaren Talaiako irakurleak inoiz horretan pentsatzen ez jarri izana, baina, heriotzaren ostean gure gorpuarekin zer egin nahi dugun erabaki nahi badugu, aukera badago une horretan ere ingurumen kontzientzia izateko.

Hil ostean gure gorputza izandakoa deskonposatzen hasten da, eta hainbat prozesu kimiko eta biologiko gertatzen hasten dira. Zelulak hiltzen direnean, entzimak zelulak berak digeritzen hasten dira. Ondoren bakterio eta onddoak datoz, gero zizare eta kakalardoak, eta abar. Horri guztiari esker, gorputza desegiten eta desagertzen doa. Prozesu metabolikoen ondorioz, lurperatu egiten bagaituzte, geure gorpuak gas toxikoak metanoa, karbono tetrakloruroa, freoia, sulfuroak, eta abar igortzen hasiko da, eta likidoak lixibatu egingo dira, substantzia toxikoak emanez. Beste zenbait, hori bai, lurrarentzat ongarriak izango dira; baina, esan bezala, gure gorputzak berotegi-efektua areagotuko duten gasak igorriko ditu, hil ondoren.

Lurperatzearen alternatiba gisa errausketan pentsatzen baduzu, litekeena da ingurumenarentzat okerragoa izatea. Ezagunak dira hondakinen errausteak ekar ditzakeen ondorioak eta gu, gustatu ala ez, hondakin biologiko bihurtuko gara. Errausketan energia asko gastatzen da, eta 100 bat litro erregai behar dira gorpu bat kiskali eta errauts bilakatzeko. Gainera, hidrokarburo aromatiko minbizi-sortzaileak ekoiztuko dira. Hortz-inplanteak baldin baditugu, merkurioa askatuko da hondakin gasekin batera, eta taupada-markagailuek eta antzekoek konposatu arriskutsuak sortuko dituzte. Ez da izango gorpua desagerrarazteko modurik ekologikoena.

Hari horretatik tiraz, badira heriotza berdeak nahi dituztenak. Hain zuzen ere, bizitza guztia ingurumena zaintzen pasatu duenak, nola egingo du lo lasai, hil ostean hondakin kutsakor eta berotegi-efektuko gas bihurtuko dela jakinda? Bada, arazo horri irtenbidea emateko gero eta aukera gehiago ditugu mahai gainean. Horietako bat benetan bitxia da, baina, duela gutxi onartu berri dute hori baimenduko duen legea, Washingtonen: gorpuarekin konposta egitea. Ondo pentsatuta, zentzua du. Materia organikoarentzat irtenbide garbiena konposta egitea bada, zergatik ez konpostatu geure burua? Bada, hori ahalbidetuko duen legea onartu berri da, eta bada enpresa bat hori egiteko prest dagoena. Momentuz, lehen probak egin dituzte sei boluntariorekin edo boluntario horien gorpuekin, hobeto esanda. Gorpuak kutxatxoetan jarri, eta egurrarekin, lastoarekin eta alpaparekin batera jartzen dituzte. Tenperaturaren eta hezetasunaren kontrol zorrotzarekin, mikro organismoak lanean hasten dira eta, aste gutxi batzuk pasatutakoan, familiak lurrez beteriko kantitate polita bi eskorga jasotzen du, nahi duena egiteko.

Konpostatutako gorpua ongarri itzela da lurrarentzat eta, hortaz, etxeko lorategian edo baratzean zabal daiteke porruak, patatak edo arrosak landatzeko. Beste aukera, hildakoaren omenez zuhaitz bat landatzea izan daiteke, adibidez. Edozein kasutan, irakurritako albistea pozez hartu dut; izan ere, ingurumen-kontzientzia azken muturreraino edo azken momenturaino eramateko aukera ematen du. Gaiari tiraka, gorpuarekin edo errautsekin egin daitezkeen hainbat gauza xelebre ikusi ditut. Horien artean, atentzioa eman dit Mesoloft enpresak errautsak 24 km-ra igotzen dituela, heliozko globo batekin, bertan lau haizetara askatzeko. Ez dakit aukerarik ekologikoena den, baina, tira, konposta egiteko moduak zabaltzearena aztertu beharko genuke...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!