Gure Zirkua berriro heldu da

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 31a, 15:59

Iaz lortutako arrakastari segida eman nahian, euskara hutseko ikuskizunak sei hilabeteko bira berri bati ekin zion maiatzean.

Bada kantu bat, iaz Euskal Herriko herri askotan entzun ahal izan zena: «Gure zirkua, gure zirkua, gure zirkua heldu da». Aurrez, Tolosan ekin zioten, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga aktoreek, gisa horretako funtzio artistiko bat sortzeari. Hasierako proiektu hartara, lagunak eta familiako kideak gehitu ziren, gero. «Esperientzia nolakoa izango zen ikustea nahi genuen, baina jakitun ginen bertatik ezin genuela atera, gurpilak ez genituelako», dio Galartzak. Baina, atera ziren, eta bai ongi atera ere. «Ez genekien zenbat iraungo genuen». Iaz, lau hilabeteko bira egitea lortu zuten eta, aurten, konfiantza handiagoarekin eta burua hobeto kokatuta, luzeago bat egitea aurreikusi dute. «Indar eta ilusio handiarekin gaude».

Lau hilabete, 12 herri, 97 emanaldi eta 25.000 ikusle. Horiek izan ziren iazko datuak. «Dudarik gabe, ikaragarria izan zen. Hala ere, guretzako erakargarriagoa da, oraindik martxan jarraitzea. Talde berari eutsiz, aurrera jarraitzeko gai izatea da erronka». Iaz egindako akatsetatik ikasitakoarekin, emanaldiak biribiltzea dute helburu. «Bakoitzak berea hobetu behar du, goranzko prozesu bat egiteko».

Trapezistek, magoak, malabaristak, musikariek, dantzariek eta akrobatek osatzen dute taldea. Astebururo sei bat emanaldi eskaintzen dituzte; ostegunean hasi eta asteburu osoan luzatzen dira. Hala ere, emanaldietan ez ezik, muntaia lanetan ere aritzen direla azpimarratu du Galartzak, lan horiek beste batzuek egiten dituztela uste baitu jende askok. «Jendea harritu egiten da artistak lan ezberdinetan aritzen direla ikustean. Guk, gainera, lanak banatzen ikasi dugu». Ondorioz, auzolanean sortutako egitasmoa izan dela dio. «Askotan esan izan dut: farandula eta brikolaje mundua gustuko duenak, hauxe du leku aproposena».



Apustu berrien bila

Ilusioz eta kolorez betetako bidaia moduko bat da Gure Zirkua. Askotan, ordea, zirku hitza haur eta gaztetxoekin lotzen da. «Asko insistitzen dut horretan eta, egia esan, asko pozten nau, esaterako, Euskaltegian ikasten duen talde batek, gure emanaldia ikustera etortzea erabakitzeak. Berdin gertatzen da kuadrilla helduekin edo bikoteekin. Arazoez ahaztu eta gozatzeko beste modu bat da».

Adinaz gain, hizkuntzaren hautua ere azpimarragarria da, euskara hutseko saioa baita. «Horri ez diogu aparteko garrantzirik ematen, euskaldunak garelako. Guretzako barregarria izango litzake beste hizkuntza batean aritzea». Aurtengo biran, ordea, euskara hain nabarmena ez den herrietara helduko direnez, garrantzi handiagoa izango du, euskaldunak ez diren herritarrak erakartzeko. «Zirkua bera abentura bat denez, horri eutsi behar zaio, apustu berriak eginez. Errazena Tolosa inguruan geratzea izango litzake, baina Gasteizera etorri garen bezala, Iruñera eta Kanbora heltzen ere saiatu behar gara. Halaber, erabat euskaldunak diren txokoetan ere ibiliko gara. Izan ere, arriskatzea ondo dago, baina gure burua ere zaindu behar dugu»

Zirkuak, bide batez, Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera eman diela aitortu du. «Herri batetik bestera ibiltzen gara; zirkuan bertan bizi garela esan daiteke. Noizbehinka, munduan gertatzen denaren berri izatea ere gustatzen zaigu». Egunero jende berarekin lo egitea eta gauzak partekatzea «positiboa» dela dio. «Elkarbizitza ona bada, zirkua ona izango da; hori transmititzen saiatu behar dugu».



Inprobisazioz betetako uda

Arestian aipatu bezala, aurten herri gehiago bisitatuko dituzte, sei hilabetez luzatuko delako bira. Maiatzean hasi ziren, eta lehen emanaldiak Oiartzunen eta Berrizen eskaini zituzten. «Oso ondo joan ziren, eta publikoaren gustukoak izan zirela ikusi genuen». Aurrerantzean, «gorputzak uzten duen bitartean jarraitzea» nahi dute.

Gaurtik hasita, Gasteizen eskainiko dituzte saioak, hiru asteburutan, eta, ondoren, Mungian. «Askotan badirudi zirkuak etxe atariraino heldu behar duela. Mezu ugari iristen zaizkigu, hainbat herritatik gonbita eginez. Baina Gasteiz, esaterako, leku ederra da, egun pasa edo asteburu pasa joateko».

Udako emanaldi egitarauari buruz galdetuta, ezer aurreratzerik ez daukala dio. «Uztailean sartzean, Bakion ekingo diegu uztaileko emanaldiei. Hortik beste herri batera joan behar genuen, baina zirkoaren muntaia ez da sartzen. Horixe du zirkuak, batzuetan inprobisatzea tokatzen dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!