Italiar pop mistikoa entzungai, Tolosako Anandi Yoga eskolan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 30a, 15:59

Flavio Banterla musikariak Veronan du jatorria, baina egun Tolosan bizi da. Larunbatean, ‘Mystic pop’ bakarkako lehen diskoaren aurkezpen kontzertua eskainiko du, 10:00etan.

Duela hogei urte, Erasmus bekaren bitartez heldu zen Donostiara Flavio Banterla (Verona, 1975) artista, bertan amaitu baitzituen ingeniaritza informatikoko ikasketak. 2007an tresna informatikoen enpresa bat sortu zuen, eta 2015ean, monasterio batera joatea erabaki zuen, hausnartu beharra ikusten zuelako.

Iaz argitaratu zuen bakarkako lehen diskoa: Mystic pop. Lan honek, zoriontasunak bultzatutako bilaketa estetiko eta pertsonalaren intentsitate osoa transmititzen duela dio. Hori baino lehen, 2009an, Donostia Hiriko Pop Rock lehiaketa irabazi zuen, Trainsalpine Boys lanarekin. Hortik aurrera, Banterlaren musika sortzeko modua tonu argietara eta armonia klasikoetara moldatzen da, orkestren moldaketei eta sintetizatzaileei esker.


Meditazio praktiketatik sortutako kantak izaki, ohiko oholtzez gain, leku sakratuak eta isiltasun espazioak baliatu ditu kontzertuak eskaintzeko. Gainera, Katapulta Tour Gipuzkoa 2019 zirkuiturako hautatuetako artista bat izan zen. Orain, martxoan ekindako Yoga Tour 2019 biraren barruan, Tolosan eskainiko du kontzertuetako bat, doan. Ohikoa ez bada ere, yoga, meditazioa eta musika nahastuko ditu, larunbatean, 10:30etik aurrera, Anandi Yoga eskolan. Artistaren esanetan, «Mystic Pop diskoko kantak, meditazio praktiketatik sortuak dira, bakarrak, entzuteko errazak eta kode sekretuak ezkutatzen dituztenak. Gainera, abestiak edertasunaz gozatzen duten pertsonei zuzenduak dira, eta bake espazioei buruz hitz egiten dute. Abiaduragatik gauza txikiez gozatu ezin dugunean, informazio gehiegikeriak irentsi gaituenean eta kanta bat amaitu gabe beste bat entzuten hasten garen mundu honetan, denbora geratu eta argia itzali nahi dut».

Sei saio gehiago

Arestian aipatu bezala, martxoan ekin zion artista tolosarrak 2019ko birari. Hain justu, Madrilen eskaini zuen lehen kontzertua. Azken bi asteetan, berriz, Irunen eta Santanderren aritu da. Tolosakoa, ez da ekaineko saio bakarra izango. Izan ere, Hendaian ere joko du hilabete amaieran. Azken saioak, Valentzian eta Murtzian izango dira, uztailean eta irailean.


«Bira honetako kontzertuak, pertsona jakin batzuentzat daude prestatuta, yoga eta meditazioa interesatzen zaienentzat». Formatu akustikoa du, hiru instrumentu erabiliz: biolina, gitarra eta ahotsa.


Une honetan, azken laneko L.I.G.O. single-aren bideoklipa ekoizten eta hurrengo diskorako moldaketak egiten dihardu artista italiarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!