Futbola ez delako jolas aukera bakarra

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 30a, 11:58

Samaniego ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek, Tabakalerarekin elkarlanean, 'Jolastu, jolastu eta jolastu!' proiektua gauzatu dute aurtengo ikasturtean. Ostiralean aurkeztu zituzten jolastokian eraberritutako guneak.

Ikastetxeek betidanik izan dute haur eta gaztetxoak ahalik eta egokien hezteko helburua. Ikasle aplikatuak nahi izaten dituzte, baina aldi berean, baita pertsona onak ere. Ikasleek, orduak igarotzen dituzte mahai eta arbel artean, testuak irakurtzen eta ariketak egiten, ikaskideekin egoteko asti handirik izan gabe. Horretarako izaten da jolas ordua.

Baina, zer da jolastokian gertatzen dena? Bada, askok futbolean jolastea aukeratzen dutela. Ez da fenomeno berri bat. Hezkuntzan urteak daramatzate ikasleei jolas aukera berriak eskaini nahian, kirol guneak baztertu gabe. Azken ikasturtean, esaterako, Tolosako Samaniego ikastetxean, Jolastu, jolastu eta jolastu! proiektuari esker, zenbait gune eraberritu dituzte, Tabakalera zentroaren laguntzarekin.

Ikasturtea hasi aurretik, eskolan bertan, zenbait behar detektatu zituzten, ematen ziren jolas praktikak nahiz jarduerak aberasteko. Proposatutako ideiatik abiatuta, egingarri izan zitezkeen aldaketak adostu zituzten. Hala ere, jolasa ardatz izanik, pedagogikoa izan behar zuen hezkuntza prozesuak. Hortik abiatuta jarri zioten izen hori.

IKASLEAK ERDIGUNEAN

Baina, ez dira egun batetik bestera hori lantzen hasi. Ez da hausnarketa berri bat. Iaz, 1. eta 2. mailako jolastokia berritu zuten, eta egun, asteko egun batean, material ezberdinekin ateratzen dira jolastera. Argi zuten aurrera jarraitu behar zutela. Ondorioz, proiektua Tabakalerako Eskola Aldiriak deialdira aurkeztu, eta aukeratua izan zen. Partekatutako espazioak atseginagoak egiteko helburuarekin ekin zioten proiektu berriari, jolas aukera guztiek leku bera izateko. Pasa den astean egin zuten jolastokiko gune berrien aurkezpena.

Egitasmoa garatzen, lan talde handi bat izan da. Zuzendariekin, gurasoekin, arduradun ezberdinekin eta udaletxeko ordezkariekin batera, Ana Revuelta Tabakalerako hezitzailea izan da. Eta guztiaren erdigunean, ikasleak. Beharren arabera ere, hainbat artista aukeratu dituzte, lanerako. Ikasleek, ikasteko aukera izan dute, artearekin lan eginez, sortzaile gisa aritzeko.

Ekainean egingo dute balorazioa, baina guztien prestutasuna nabarmentzen du Revueltak. «Oso positiboa izan da. Eskola bat kanpoko erakunde batekin harremanetan jartzea oso interesgarria da, legitimazio puntu bat ematen diolako, laguntza bat jasotzeko. Elkar elikatzeko aukera ematen du, metodologia eta praktika ezberdinak nahasten direlako. Eskola bestela, uharte bakarti modura geratzen da, eta berez, ez dago gizartetik aparte».

LAU MAILA, HAMAIKA GUNE

Aurtengo ikasturtean, 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleek izan dute jolastokia eurek nahi bezala eraldatzeko aukera. 3. mailakoek ezkutatzeko lekuak gehitu eta labirintoa eraiki dute, Garaion Sorginguneko artistekin. 4. mailakoek, zintzilikatzearekin eta orekarekin lotutako guneak (slackline gunea, rokodromoa, zabua eta hamaka) sortu dituzte. 5. mailakoek, tamaina eta izaera ezberdinetako zirkuituak. Azkenik, 6. mailakoek, lasai eta gustura egoteko txokoak sortu dituzte Maite Ugalderekin.

«Jolasak garrantzia handia izan behar du maila guztietan; gozatzeko, ikasteko eta harremanak indartzeko», dio Revueltak. «Ezinbestekoa da, baldin eta zertan eta nola jolasten garen, aukerak zabaldu eta jolasarekiko kontzientzia izatea. Gehienek aukeratzen dute futbolean jolastea, eta jolastoki asko daude horretara moldatuak. Horiek baztertu gabe, bide berriak topatzea zen asmoa. Baina, gai delikatua da, balioak eta harremanak ere tartean daudelako. Samaniegoren kasuan, ordea, erraza izan da. Jolastokia oso handia da eta futbol zelai bat mantendu dugu».

IKASTURTE OSO BATEKO LANA

Eraldatze prozesua hiru zatitan banatu dute: hausnarketa fasea, diseinu fasea eta garapen fasea. «Jolastokiaren planoa gainbegiratu eta zein jolas praktikatzen ziren diagnostikatu genuen. Haurrek gurasoei ere galdetu zieten gustuko jolas bat aipatzeko, gerora praktikara eramateko. Proba ugari egin genituen. Ondoren, maila bakoitzeko ikasleek, eguneroko aktibitatera zein jolas gehitu aukeratu zuten».

Eraldaketa guztiak auzolanean egin dituzte. Aurkezpenean azaldu zutenez, «esperientzia interesgarria izan da, elkarrekin pentsatu, diseinatu eta adostu dugulako. Norberak egitearen satisfazioa bizi izan dugu, eta zaintzaren garrantzia eta errespetua bezalako baloreak ikasi ditugu». Ana Revueltak, prozesuari ematen dio garrantzia. «Bidean ikasitakoarekin geratu behar gara, amaierako emaitzaren zain egoteko beharrik gabe. Askotan, gainera, erabaki batzuek beste ideietan eragina izaten dute, eta Samaniegon ere hori gertatu da».

AURTEN DEIALDI BAKARRA

Tabakalerak, bost ikasturte daramatza Eskola Aldiriak deialdiarekin lanean. «Hezkuntza komunitateei zuzendutako bi deialdi zabaltzen dira, Donostialdean garatzen dena, sakonagoa eta baliabide gehiago eskainiz, eta Gipuzkoa mailan garatutakoa, orokorragoa», dio Revueltak. Hezkuntza komunitatea indartzea, arte praktikak hezkuntza praktiketan txertatu eta horietatik abiatutako metodologiak planteatzea, eta eskolak dituen behar edo erronkei, lanketa baten bitartez, erantzun osatuago eta kolektiboago bat ematea dira deialdiaren helburu nagusienak.

«Urte bakoitza oso ezberdina izaten ari da; eskola bakoitzak bere erronkak eta testuinguru propioa dituelako». Oraindik zabalik dago datorren ikasturterako deialdia, eta bihar amaitzen da epea, baina murrizketa batekin, Donostialdeko proiektuan soilik murgilduko direlako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!