Kale Kantoitik

Ehundegian

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2019ko mai. 29a, 11:41

Armairu mudantzen atarian madarikazioka naukazue. Behar baino arropa gehiago erosteagatik orain komeriak. Zer atera, zer gorde. Non eta nola. Urtaro berri bakoitzarekin batera egiten dut arropa berririk ez erosteko agintzari prekario bat. Eta urtero hausten dut hitzarmena, erositako jantzia birziklatutakoa, ekologikoa, iraunkorra edota alhaduren kontrakoa bada ere. Laburbilduz, aurka egiteko ahalegin aktiboetan arituta ere, modaren marketin kanpainak izan ohi direla tirabira honen garaile. Eta badirudi hau dela jantzigelen partidan emaitzarik zabalduena: ehungintza 1 – gizartea 0.

Izan ere, moda ekoizle handien produkzio ereduak goranzko joera izatea aurreikusten da. Greenpeacen 'Detox' proiektuaren arabera, 2030 urtera bitartean ehunen ekoizpena %63 batean areagotzea iragartzen da. Negozioa haizea alde dabilela dirudi. Baina izugarrizko negozio honen atzean, ingurumen-arazo benetan izugarria ezkutatzen da. Moda sektore kutsagarrienen zerrendan bigarren postuan sailkatu da berriki: kontsumitzen den arropa kopuru haundiagatik, hau sortzeko erabiltzen diren materialengatik, zokoratzen diren arropa-soberakinengatik, produkzioaren zentralizazio geografikoaren ondorioz, produktua bidaltzeko behar den garraioagatik... Adibidez, merkatal zentro batean erositako bakero-pare bat sortzeko 1200 ur litro kontsumitu, 32 kg CO2 igorri eta 10kg gai kimiko erabiltzen dira. Eta urtero 1000 milioi unitate inguru ekoizten dira, pentsa... Modaren kontu arraio honek esku artetik ihes egin digu.

Denaren eta ez denaren inguruko datu hauen aurrean zuhurtziaz jantzi behar gara, eta buruketak banan-banan ebatzi. Lehenik eta behin kontsumoa murriztu behar dugula argi dago, 'fast fashion' delakoaren bultzadei planto! Eskaria murriztu, eskaintza gutxitu dezaten. Erabili eta botatzeko arropari uko egin behar diogu: zaharkitze programatua duen eta saldu ezean etorburura itzuliko denari, suntsitua izateko. Bestalde, ehungaien sorreran egiten diren joan etorriak murrizteko, garrantzitsua da bertako edo gertuko produktuak erostea. Herriko dendetan, ekoizle txikiei, artisauei posible bada. Garraio pila behar da ehungintzan: lehengaiak lantegietara garraiatu behar dira, landu ostean bigarren lantegi batera garraiatu eta abar. Zenbat eta distantzia handiagoa ibili, are eta CO2 gehiago igorriko da atmosferara. Gobernuz kanpoko erakunde anitzen arabera berotegi-efektuan eragina duten munduko gasen %8ak ehungintzaren eta honen produktuen garraioarekin lotuta daude. Hortaz gain, materialei erreparatzea komeni da. Poliesterra saihestu beharko genuke, esaterako, mikroplastikoz osaturik baitago. Hauek askatzen doaz arropa garbitzean edota erabilera soilarekin. Geure ibai eta itsasoetan amaituz, dibertsitateari eta gure osasunari mehatxu eginez. Baita biskosa merkea ere, honen kostua murrizteko oso metodo kutsagarrien bidez lantzen baitute. Azkenik, arropa birziklatzeko eta berrerabiltzeko ohitura bermatu beharko genukeela esango nuke. Bide batez bi mandatu, edo gehiago, egingo baikenituzke.

Ufa! Efektu terapeutikoa izan du benetan hau guztia botatzeak. Honakoa izango al da modako erosketen aurkako nire behin betiko ituna? Itun, asmo zein xedea bada ere, txip aldaketa baten ondorioa izan dela sentitzen dut. Ea borobiltzeko kezka honen kilika sentiarazten dizuedan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!