Itsasoak eta lurrak bat egiteko festa baino askoz gehiago

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko maiatzaren 29a

Ostiraletik igandera bitarte, XI. Bisigu eta Sagardo Festa ospatuko da Tolosako erdigunean. Aurten, eskualdeko sagardo guztiak dastatzeko aukera izango da

Tolosa eta Orio. Orio eta Tolosa. Historia ezberdina duten bi herri, baina aldi berean, ibai berak elkartzen dituen antzeko bi kultura. Oriok, aspalditik lotura berezia izan du bisiguarekin. Tolosan, berriz, urte batzuk atzera eginda, 38 sagardotegi aurkitzen ziren. Hori horrela, Tolosak, betidanik oso estimatuak izan diren bi produktu horiek uztartuko ditu asteburu osoan zehar, Zerkausia erdigunean jarriz.

Txinparta elkarteak, Gipuzkoako Sagardogileen elkarteak eta Tolosa Gourmetek, udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, XI. Bisigu eta Sagardo Festa antolatu dute. Otorduetarako eta bisita gidatuetarako txartelak, turismo bulegoan, 943 697 413 telefono zenbakira deituz edo tour@tolosaldea.eus helbidera idatziz eros daitezke.

Sagardoa, bertsotan ere

"Itsasoa eta lurra. Konbinazio bitxia dirudi, baina zergatik ez?", esan zuen Amaia Zubeldia, Sagardoa Route elkarteko kideak. Hori egiaztatzeko lehen aukera etzi izango da, Txinparta elkartean egingo duten uztartze afarian. "Bertako produktuak jan bitartean, eskualdeko sagardo ezberdinak dastatzeko aukera izango da". Txartelak salgai daude oraindik, 27 euroren truke.

Larunbatean, berriz, Zerkausiko gune bat, sagar zukuarentzat gordeko dute, bertan ezarriko dutelako Sagardoaren Txokoa. Aburuza, Begiristain, Eguzkitza, Isastegi, Goikoetxea, Sarasola, Zabala eta Zalbide sagardotegietako ekoizpenez gain, pintxoak ere izango dira, eta bi egunetan egongo da zabalik. Larunbat goizeko irekiera ekitaldian, Irene Caminos bike trial modalitateko txapelduna omenduko dute. Arratsaldean, berriz, bertsoz girotutako dastatzea izango da, Aitor Mendiluze eta Haritz Mujikarekin. "Probatutako sagardo bana, bertsoz azaleratuko dute".

Tolosaldea Tour elkarteak, bestetik, bisita gidatuak antolatu ditu, Alde Zaharrean garai batean izandako sagardotegietan. Bertako historia eta bitxikeriak azalduko dituzte, "lehen zuten garrantzia mantentzen baita". Orbela tabernan amaituko dute, pintxo eta sagardo dastatzearekin. Bisiten kostua 5 eurokoa da.

300 bisigu, Orio estilora

Sagardoaz bakarrik, ordea, ez da elikatuko Tolosa. Izan ere, eta orain bi urtera arte protagonista nagusia zen bisiguak ere zeresan nabarmena emango du. Aurten, 300 bat bisigu erretzeko asmoa dute, Orio estilora. Jon Ormazabal Txinparta elkarteko lehendakari ordeak adierazi moduan, "Orioko estiloak izaera ezberdina du. Parrilan botata erretzen dira, eta horretarako, ezinbestekoak diren bi profesionalen laguntza izango dugu: Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Katxiña txakolindegiko Joxe Migel Zendoia. Hortaz, lasai gaude".

Urtero moduan, aldaketa handirik gabe datoz aurtengo bisiguen otorduak. Larunbatean, bazkarian nahiz afarian dastatzeko aukera izango da, eta igandean, berriz, bazkarian soilik. Bisiguaz gain, antxoak, zainzuriak, tomatea, hegaluzea eta Bixigoxo azkenburukoa jango dituzte bertaratutakoek. Berrikuntza modura, eskualdeko sagardoak dastatzeko aukera izango da. Otorduetarako txartelek 55 euroko prezioa dute.

Turismoa indartu nahia

Olatz Peonek esker hitzak izan zituen antolatzaileentzat. "Bere hastapenean, Tolosako eragileek bultzatu zuten ekimen hau, eta beraz, goraipatzekoa da egindakoa, oraindik sustatzen jarraitzen dutelako". Gainera, festa honen sorreran, Oriok eta Tolosak "parrilarekiko duten gertutasun hori" aurkitzen dutela nabarmendu zuen Peonek, "bi herrien adiskidetasunaren ikur modura. Orioko parrileroei ere eskerrak eman nahi dizkiegu". Orain gutxi, Haragi 2019 festa ospatu zen Tolosan. "Ukaezina da parrilak herrian duen erreferentzialtasuna. Hori dela eta, kalera aterako ditugu berriz".

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Saileko Maite Cruzadok hartu zuen hitza. Aurrez, Peonek, festa honi ematen dion babesa «eskertu» nahi izan zion. "Guretzako turismoa ardatz estrategikoa da, gure natura eta gastronomia erakutsi nahi ditugu. Turistikoki indar handia eta gastronomia izaera duten ekimenak babesteak, mapan identifikatzera ekarri gaitu" azaldu zuen Cruzadok. "Gipuzkoan dugun altxor bat balioan jartzen du festa honek, bi herrietako erakundeen arteko elkarlana islatuz".

Beste helburuetako bat, Donostiara joaten diren turistak, herrialde osoan zehar banatzea da. "Donostiak nazioartean duen ezagutza oso aberasgarria da guztiontzat, baina Gipuzkoa hori eta askoz gehiago da. Meritu handia du, turistikoki hain emankorra ez den garaian, horrelako festa bat antolatzeak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!