"Oso gutxik sinesten zuten lortutakoa"

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 27a, 19:59

Bigarren geratu da Tolosa CFko futboleko mutilen talde nagusia ligan, eta hirugarren mailara igoera lortu du. Mikel Arribillaga zuzendaritzako kidea pozik agertu da lortutakoarekin.

Duela hilabete gutxi hau pentsaezina zen. Batez ere Anaitasuna oso indartsu zegoelako.

Anaitasunaren aurka Azkoitian jokatu ondoren bi puntura geratu ginen, baina gero bolada txar bat izan genuen, eta Anaitasuna Eibarrekin batera oso indartsu zihoazen, eta hamabi puntura egon ginen hamar partiden faltan. Oso gutxik sinesten zuten lortutakoa, eta esan behar da horietako bat Ander Avellaneda entrenatzailea zela. Anaitasunaren aurka etxean genuen partida hiru jardunaldiren faltan, eta nahi genuen hori irabazi eta presioa sartu. Azkenean kontuak atera zaizkigu.

Zuek irabazi duzue, Anaitasunak ez, eta ondorioz hirugarren mailara.

Ohorezko erregional mailan, berez lehen postuan geratzen dena zuzenean igotzen da eta bigarrenak igoera fasea jokatzen du. Vitoria, Eibarren bigarren taldea, bigarren B mailatik hirugarren mailara jaitsi da, eta Tolosaren ligan jokatu duen Eibarrek, hirugarren taldea izanik, ligan lehen sailkatu arren, ezin du mailaz igo. Beraz, ligan bigarren geratu dena mailaz igotzen da zuzenean eta hirugarrenak igoera fasea jokatzen du.

Azken astea nola bizitu duzue?

Tentsioarekin, baina konfiantza geneukan. Bagenekien Eibarrek Anaitasunari irabazteko aukera zuela. Guk Eibarren urteko partida onena jokatu genuela esango nuke, eta 1-0 galdu genuen. Beste maila bateko jokalariak dira, eta bagenekien guk etxean irabaziz gero, aukerak genituela igotzeko.

Lehenbizi, ospatu egin duzue. Eta hemendik aurrera zer?

Klubaren aldetik segituan pentsatzen jarriko gara hurrengo urteari begira. Adinagatik jokalariren batek utziko du, eta ikusi egin beharko da zein gazte datozen azpitik. Datorren urtean hirugarren maila oso indartsua izango da. Oraingoz sei talde jaitsiko dira bigarren B mailatik, eta agian zazpigarren bat ere bai, beraz, maila pila bat igoko da.

Baina esan daiteke Tolosarena hirugarren maila dela.

Historikoki horrela izan da. Baina garaiak ere ezberdinak dira, eta ikusten da Gipuzkoan bigarren B mailan bakarra dagoela, Real Union, eta hirugarren mailan Beasain eta Lagun Onak nahiko finkoak direla, eta gero igotzen den taldea egoten da. Baina, gaur egun, bizkaitarrak ekonomikoki beste maila batean daude. Saiatuko gara datorren denboraldian maila mantentzen, baina ez da erraza izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!