«Zerbait abstraktua ikustean, landu gabekoa dela pentsa daiteke»

Irati Saizar Artola 2019ko mai. 24a, 19:59

Besteak beste, erakusleihoak apaintzen egiten du lan Jorge Malcorrak (Tolosa, 1981). Azken hilabetean, ordea, Aranburu Jauregia bilakatu du bere margolanen erakusleiho. Lanak izeneko margolan abstraktuen erakusketa jarri du, eta ikusgai egongo da, ekainaren 8ra bitarte.

Paper zati marroi batzuk pintzetatik zintzilik, hainbat pintzel pasaldi, esprai ukituak, paperak elkar lotzeko zeloak agerian eta arkatzezko sinadurak. Amaitu gabeko lanak dirudite lehen begiradan, baina apropos egindako zerbait da. Prozesuaren bat-batekotasuna agerian utzi nahi izan du Jorge Malcorra artista tolosarrak, Lana izeneko erakusketan. Tolosako Aranburu jauregian dago ikusgai, eta ekainaren 8ra bitarte obrak ikusteko aukera izango da. Arratsaldez irekitzen dute Aranburu Jauregia, 17:30etik 20:00etara, igande, astelehen eta jai egunetan izan ezik.

Estreinakoz jarri du horrelako erakusketa bat Malcorrak; lehen aldia da berak bakarrik egindako «hainbeste margolan» erakusten dituela. Aurrez jarria zuen beste erakusketa bat, GKo Galleryn, lagun batekin batera.

Iragartzeko karteletatik hasita egin du berezi bere lana. 150 kartel egin ditu, paper zuriaren gainean, eta orriak bata bestearen segidan jarrita pintatzen aritu da. Lerro bakoitzak jarraipena du kartel batetik bestera, baina, bakoitza bere horretan ikusita, ez da nabari. Horrela, kartel bat bera ere ez da bestearen berdina, «bakarrak eta esklusiboak» dira.

Modu abstraktuan, bere barne sentimenduak islatzen dituen lanak egin ditu azken urteetan, tamaina ezberdinetakoak; batzuk oso handiak, beste batzuk ez hainbeste. Euskarri ezberdin zalea da Malcorra, gogoko du modu tradizionaletik ihes egitea.

Zer aurkituko du Aranburu jauregira gerturatzen denak?

Urtebeteko epean egin ditudan lanak ikusteko aukera izango du. Formatu berezi batean aurkituko ditu; obrak nahiko handiak dira, eta euskarria ere niretzat oso berezia da. Izan ere, kraft paperean egin ditut eta euskarri tradizional batetik ateratzea bilatu nahi izan dut.

Normalean, margolanak marko baten barruan ikustera ohitua dago ikuslea. Zure erakusketa bestelako kasua da.

Zerbait desberdina bilatzen ari nintzen. Bat-batekotasun hori euskarrian eta erakusteko eran islatu nahi izan dut. Azkenean, markoarekin edo gabe, pintura bat zerbait dekoratiboa izan daiteke, edo beste zerbait izan daiteke. Orduan, norberari uzten diot erabaki dezan zer den.

Lehen begiradan, eskuz moztutako paper zatiak ikus daitezke, zeloak bistan, sinadurak arkatzez. Naturaltasun hori bilatu nahi izan duzu?

Bat-batekotasun horretatik tiraka, prozesua ere oso garrantzitsua da niretzat. Ez da zerbait polita bilatzea soilik, landutako zerbait da. Askotan, zerbait abstraktua ikusitakoan, landu gabeko zerbait dela pentsa dezake jendeak, baina, niretzat, nahiz eta pintzelkada edo kolore gutxi izan, lana dago hor atzean; arkatzarekin egiten dena izan daiteke, edo zelo zatiak jartzen edo kentzen egiten dudana.

Zein estilotan egiten duzu lan?

Abstraktuan mugitzen naiz, eta espresionista aldean kokatuko nuke, baina neure burua estilo bakarrera ez mugatzen saiatzen naiz. Izan ere, nahiago dut barrutik ateratzen zaidana eta nahi ditudan gauzak margotzea. Adibidez, erretratu bat ere egin dezaket; erakusketa honetan ez dago bat ere, baina hori nahi dut, ez mugatzea.

Eta, teknika aldetik?

Normalean, teknika asko erabiltzen ditut. Erakusketa honetan, akrilikoarekin margotu ditut, pintzelaz. Azken boladan espraia ere asko ari naiz erabiltzen, baina, ez zuzenean edo betiko eran; adibidez, margolanaren zati batean bakarrik erabiltzen dut. Beste batzuetan, ordea, collagea erabiltzen dut edota argazkigintza. Azkenean, euskarriz aldatzea ere gustatzen zait. Kasu honetan paperean egin ditut, baina, beste momenturen batean, beste zerbaiten gainean egiteko aukera badut, ba egingo dut.

Paperaz gain, ordea, obra bat plastikoaren gainean aurki daiteke, Aranburu jauregian.

Areto handienean dago lan hori, azkenekoan. Ikuslearen ikuspuntutik ere zerbait bilatu nahi nuen; erakusketa guztia ikustean, azken aretoan zerbait nahi nuen, nabarmentzeko. Toldo hori aurkitu nuen, eta interesgarria iruditu zitzaidan beste formatu batean eta beste era batean lantzeko, eta horregatik aukeratu nuen.

Hainbat espaziotan dago banatuta erakusketa hau. Animaliak, loreak, sentipenen inguruko lanak aurki daitezke. Bakoitza gai jakin baten inguruan osatu duzu?

Bai, nahiz eta abstraktuak izan, diskurtso bat edukitzea bilatu nuen. Erakusketara sartzerakoan, bidaia bat bezala izatea nahi nuen, eta bidaia hori pieza handi batekin bukatzea.

Obren ondoan txartel txiki batzuk jarri dituzu, lanaren izena, tamaina eta prezioarekin. Edonork eros ditzake?

Bai, egin ditudan lanak salgai daude. Niretzako, azken batean, hori da elkarrizketa. Askotan, arte munduak oso urrun dagoela ematen du, eta badirudi artea erostea oso garestia izan daitekeela. Orduan, prezioa jartzea interesgarria iruditu zitzaidan; obraren eta ikuslearen arteko konbertsazio horretan zuzena izan nahi nuen.

Gela batean, loreen obrak daudenean, lore freskoak jarri dituzu erdigunean. Zer dela eta?

Jendea espazio horretan dabilenak paretei begira soilik ez egoteko jarri ditut. Ikuspuntu orokorrago bat izateko, gehienbat. Azken batean, hiru loreontzi horiek amaierako horma ere nabarmentzen dute. Lore bakoitzak kolore bat du, eta zentzua ematen dio espazio horri.

Erakusketaz harago, noiz hasi zinen margotzen?

Txikia nintzela hasi nintzen. Nire aitonak ere margotu egiten du, eta bera izan zen gorputzean margotzeko grina sartu, eta adierazteko bideak erakutsi zizkidana. Bizitza osoa daramat, gelditu ere egin gabe, marrazten. Baina, duela hiru urte inguru, buru-belarri hasi nintzen. Gaur egun, ia egunero zerbait margotzen dut, ariketa bat bezala hartuta daukat.

Diseinuan ere lan egin izan duzu.

Hasiera batean psikologia ikasketak egin nituen eta, geroago, erakusleiho apaintzaile moduan aritu nintzen lanean. Azken batean, erakusleihoak ere arkitektura iraungikor bat bezala dira; nire ikuspuntutik zerbait artistikoa dira, izan ere, zerbait muntatzen duzu, eta hilabete batean kendu eta beste bat jartzen duzu. Orduan, ariketa hori sormen aldetik ere oso interesgarria da eta, hortik, erabaki nuen nire jardun profesionala horretara bideratzea.

Zer eskaintzen dizu zuri margotzeak?

Niretzako askatasuna da. Libre sentitzen naiz margotzen dudanean, eta emozionalki ere nire gauzak islatzen ditut, margolanen bidez. Nahiz eta koadro abstraktuak izan, emozioak ere islatzen dituzte. Zerbait margotzen ari naizenean, atzean zoriontasuna, haserrea edota tristura egon daitezke.

Non hartzen duzu tartea margotzeko?

Leku nahiko zabal bat daukat, eta normalean lurrean margotzen dut. Zortea dut, leku zabal samar bat dudalako. Oraingoz ez daukat estudiorik.

Etorkizunean zeure burua margotzen ikusten duzu?

Bai, egia esan, bai. Bai beste erakusketa batzuk jarriz, baita beste hainbat euskarritan lan egiteko ere. Orain beste proiektu batzuk ditut buruan, eta ea aurrera ateratzen diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!