Afrikatik Europara? Baita igerian ere!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2019ko maiatzaren 25a

Afrikan, oro har, Europan baino askoz pobreago bizi dira eta, toki askotan, miseria gorrian. Estatu batzuetan milioika lagunek «bizi» edo «iraun» egiten dute, nola edo hala, eta, tarteka, mordoa zulora joaten da, edozein gaixotasun txorogatik edota goseak jota.

Alegia, gure espezieko sapiens «aberatsok» muturreko pobrezian bizitzera kondenatu ditugula, patxada ederrean. Kantak zioen bezala: «Eta, nola gu, egunero patxada merkean, oso lasai bizi gera…», Imanolen ahots gozo bezain sarkorrean.

Ia-ia inori ez zaio gustatzen sorlekutik alde egitea. etorkizunik ez duelako bertan, bizi-baldintza negargarrietan iraun behar duelako bere jaioterrian. Ez gara hain onak benetan, gurera pozik etor daitezen, gu jatorrak garelako edo, etortzeko plazer hutsez, gu geure bidaietan gabiltzan moduan. Europara ez dute berez etorri nahi, ez ditu gu bezalako txuritxoak ikusteko irrikak erakartzen; alderantziz, guztiz behartuta datoz, muturreko behar gorriak ostikoka bidalita. Goseak dakartza, ez gure abegikortasunak, ez gure dohain bereziak, ez gure azalaren koloreak, ez... Ez.

Txad, Mali, Mauritania, Niger, Burkina Faso,… miseria hutsa dira. Gure barne produktu gordinaren % 5 daukate bizirauteko, hortik atera kontuak! Arestian aipatutako estatuetan 80 milioitik gora bizi dira; milioika gose pasatu, alde egiteko gogo biziarekin, esperantza dagoela uste duten toki batera. Nola geratu han, bizitzekorik ez eta etortzeko beharra duen tamaina horretako tropa? Ezinezkoa da, etorri egingo dira, igerian behinik behin! Edo pateretan, edo autobus azpietan, edo…

Beren lurraldeetan modu duinean bizitzeko baldintzak sortu ezean, gurera etorriko dira, guztiz behartuta bada ere. Eta ongi etorri, geuk ere horixe bera egin genuen-eta, hemen miseria zenean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!