Alondegiko zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiari utzi dio udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko maiatzaren 24a

Maiatzeko osoko bilkuran, udal langileen ordainsariak igotzea eta diru-laguntzen ordenantza aldatzea ere onartu zuten.

Tolosako Udalak pasa den astean egin zuen, udal hauteskundeen aurreko azken osoko bilkura. Batetik, Tolosako Hiri Ordenantzako Plan Orokorreko 12.1 Azpiesparruan (Alondegia) dagoen lurzoru zati baten erabilera eta jabetza, Gipuzkoako Foru Aldundiari uztea onartu zuten, adineko pertsonei egoitza-harrerako zerbitzu zabalagoa eskaintzeko.

Gauzak horrela, Uzturre zentroaren bitartez, menpekotasun egoeran dauden adineko pertsonei ematen dieten zerbitzua areagotuko da eta, bertan, handitzeko lanak egingo dituzte. 120 plaza eskainiko dituzte: banakako 116 logela eta bi pertsonarentzako 2 logela. Eskaintzen dituzten zerbitzuak berrantolatu eta arreta eta kudeaketa egokia egiteko zabalduko dute egoitza. Zati berrian, orain 5. solairuan dauden psikogeriatriako 16 plaza egongo dira.

Proposamen hori, ordea, ez zen aho batez onartu, gehiengo zabalarekin baizik, udal gobernua osatzen duten ordezkarien baiezkoarekin. Alkateak nabarmendu zuen, «adinekoen beharrak asetzeko baliabideen sorrera herritarren interesekoa» dela eta «horrela, arreta Tolosan bertan jasotzea bermatzen dela». Foru aldundiarekin adostutako hitzarmenaren arabera, lagapen epea amaitzean, esleitutako ondasuna osorik berreskuratuko du udalak, inolako kalterik gabe. Epe hori aldez aurretik amaituz gero, udalak ez du inongo erantzukizunik izango.

Ibai Iriarte zinegotziak, EH Bilduren izenean, «prozesuaren formetan adostasunik ez egotea eta foru aldundiaren aldetik informazio falta izatea» salatu zuen. «Erabakiak hartzeko presaka aritu zarete, gaiak jorratzeko astia behar zuenean. Kudeaketa publikoko zerbitzuak eskatuko ditugu, eta hauek sustatzea eskatu. Hori dela eta, Iurreamendin jarri behar ditugu indarrak».

Alkateak, oposizioko ordezkariari erantzunez, «publiko-pribatu osagarritasuna egoki» ikusten dutela eta, «kokapenagatik, Uzturre egoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak hobeak» direla azaldu zuen: «Gainera, itxaron zerrendatik, %85ek eskatu dute bertan egotea. Erabiltzailea, beraz, aurretik jartzen dugu». Inolako eragozpenik ez zegoenez, erronkari aurre egin behar zitzaiola ere azaldu zuen. Azkenik, Iriartek, prozedura juridiko-legala bermatu arren, kezka adierazi zion udal gobernuari: «Iurreamendiren etorkizuna non eta nola uzten duen beldurtzen nau». Ondorioz, oposizioko kideek aurka bozkatu zuten.

Ordainsariak eta diru-laguntzak

Horrez guztiaz gain, udal langileen eta erabateko dedikazioarekin edo dedikazio partzialarekin aritzen diren kideen ordainsarien %2,25eko igoera ere aho batez onartu zuten.

Bestetik, hizpide izan zuten, gizarte zerbitzuen eta nazioarteko lankidetzaren alorreko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza aldaketaren hasierako onarpena. Alkateak azaldu zuenez, hutsuneak antzeman ondoren, balorazio irizpideak berrikusi eta justifikazio prozedura eguneratu da. Bi ordenantzak bakar batean bateratu zituzten. «Ordenantza Tolosako errealitateari eta beharrei egokitzea da helburua», azaldu zuen Peonek. «Taldeek herrian antolatzen dituzten ekintzak sustatu nahi ditugu, herriarengan eragin positiboa dutelako». EH Bildutik, «txostena esku artean izateagatik» eskerrak eman zizkieten. Hala ere, gaztelaera hutsean erredaktatuta zegoela eta, «euskaraz ere izatea» eskertuko luketela gogorarazi zuten.

Azkenik, auzo elkarteek Hiribusaren inguruko idatzi bat aurkeztu zuten, alderdien iritzia jaso nahian. «Herritar ugarik erabiltzen duten zerbitzuak gorabehera ugari izan ditu azken boladan. Udalaren jarrera ez da oso txukuna izan, ezin baita ahaztu ardura berea dela». PSEtik «beharrezko kalitatea bermatuko duen zerbitzua» defendatuko dutela azaldu zuten. EH Bildutik, berriz, «orain arteko eragozpenak ekiditea bermatuko duen kudeaketa publiko bat» nahi dutela. EAJtik, berriz, azken aldian izandako arazoak gaindituta daudela gogorarazi zuten: «Kasu berezia da gurea. Hiribus bakarra dugu, eta 20.000 biztanle gara. Efizientziaren baldintza betetzen ez bada, ezin da udalarena izatera pasatu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!