Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Pirinio Atlantikoetako eta Nafarroako gobernuen eta Huescako Diputazioaren arteko lankidetzari esker sortu da erakusketa ibiltaria. Paueko Departamentuaren Artxiboan, Baionakoan, Donostiako Pio Baroja udal kiroldegian eta Elgoibarkoan, eta, Oñatin, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan izan da, orain arte, erakusketa. Tolosan ekainaren 1a bitarte izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, berriz, goizetan bakarrik.
Erakusketa argazki panelez, testu dokumentuz eta filmez osatuta dago, eta artxiboetan gordeta dauden dokumentu originalak ikusteko aukera ere eskaintzen du. Zortzi kirolen sorrera azaltzen du erakusketak. Hain zuzen, giza trakzioa esfortzu fisiko gisa baloratzeari ekin, eta kirol erronkarako bide eman zezakeela ikusi zenekoa; ordura arte nekazaritzarako soilik erabili zen animalia, trakzioa hipodromoetan txalotua izatera igaro zenean. Eta, trakzio mekanikoa ere, garraiorako aurrerapen teknologiko izatetik, abiadura, abilezia eta dotoretasuna jokoan jartzen dituen ikuskizun izatera pasatu zenean. Metamorfosi horiek guztiek kontatzen dute, halaber, zer bilakaera izan zuen gizarteak berak, XIX. mendetik XX. mendearen lehenengo erdialdera.
Nafarroako Artxiboaren eta Pirinio Atlantikoetako departamentuaren Artxiboak 2016an abiarazitako lankidetzaren esparruan sortu zen, erakusketa hau egiteko proiektua. Lankidetza horren xede nagusia zen, artxiboetan gordeta dagoen ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko kultur bitartekaritzako egitasmoak abian jartzea. 2018an, lankidetza hori inguruko lurraldeetara zabaldu zuten, parte hartzeko gonbidapena eginez Gipuzkoako Foru Aldundiari, Huescako Probintziako Diputazioaren Artxiboari eta Fototekari, eta Huescako Probintziako Artxibo Historikoari.
Mikel Diez Sarasola Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari izan da erakusketaren irekiera ekitaldian, eta «oso pozik» agertu da, erakundeen arteko elkarlan hori gauzatu delako. Herritarrak animatu ditu erakusketa bisita dezaten: «Lau lurraldeetako artxiboek ondare dokumental bat erakusten dute, bai testuzkoa, bai ikonografikoa eta bai ikus-entzunezkoa». Egunotan, honenbestez, automobilismoari, abiazioari, atletismoari, arraunari, eskiari, txirrindularitzari, mendizaletasunari eta hipikari buruzko dokumentu eta irudiak ikusi ahal izango dira Tolosan.

