Aurten bosgarren urtea beteko du Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi lasterketak. Ekainaren 16an egingo dute, eta zenbait berritasunekin dator. Antolakuntzatik nabarmendu dutena edalontzi berrerabilgarriena da. Iñaki Insausti antolakuntzako kideak azaldu duenez, «gure buruari buelta asko eman genizkion, mendian korrika gabiltzala, natura zaintzearen eta horrelakoen inguruan, eta esan genuen gauza batzuk aldatu behar genituela. Lehiaz gain, bestelako balore batzuk transmititu behar direla ikusten dugu, eta gaur egun plastikoak sortzen duen kutsaduraren inguruan zeresan handia dugula mendizaleok».
Edalontzien gaiari heldu zioten, eta 800 parte hartzaile inguruk 8.000 edalontzi inguru erabiltzen zituztela kalkulatu zuten. «Edalontzi berrerabilgarriak banatuz, ikusi genuen plastikozko edalontzi kopuru handia eteten zitekeela», esan du Insaustik. «Guretzat egokiena da eta, oroigarri moduan ere izango denez, aukeratu dugu edalontzi urdin bat, itxi eta ireki egiten dena, poltsikoan sar daitekeen horietakoa». Korrikalari bakoitzari emango diote, eta anoa puntuetan atera beharko dute edariak hartzeko. «Gero edalontzia beste lasterketa batzuetan ere erabili ahalko dute», esan du Insaustik, eta gaineratu: «Hemen ideia hau agian ez dago hain errotuta, baina, muga pasatzen badugu, lasterketa askotan ez dago plastikozko edalontzirik».
EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA
Aurten, T3T maratoian, jokoan izango da Euskal Herriko Txapelketa, eta hori antolatzeak eskatzen du lehia izatea, bai maila absolutuan, bai junior zein kadete mailan ere. Beraz, beste berritasunetako bat aurten Gazte Lasterketa izango da, Euskal Herriko Txapelketa jokoan izateko junior eta kadete mailan. Lasterka horrek T2T lasterketarekin elkarbanatuko du ibilbidea Uzturrera. Behin gurutzea eta gailurra pasa ondoren, Belabietaruntz hartzen den belazeetako batean, bidezidor bat hartu, eta igoera aldeko bidetik jaitsiko dira parte hartzaileak. Hamabi bat kilometro eta 800 metroko malda positiboa du ibilbideak. Juniorrak 18tik 20 urte bitartekoak dira, eta kadeteak 15-17 urte artekoak.
T3T maratoiak 43,5 kilometro eta 2.800 metroko gainbehera positiboa du. T2T probak 24,6 kilometro ditu eta 1.600 metroko gainbehera positiboa. Izen-emateei dagokienez, T2T proban agortuta daude dortsalak eta itxaron zerrenda dago martxan. T3T maratoirako dortsal gutxi geratzen dira, eta Gazte Lasterketarako 25 dortsal inguru. Parte hartzaile ezagunei dagokionez, iaz T2T proba irabazi zuen Iñaki Olano altzotarra aurten T3T proban ariko da, eta bertan izango da Euskal Selekzioko kidea den Beñat Katarain ere. Bestalde, Ane Iturria tolosarra Gazte Lasterketan ariko da.