Bigarren taldeak ere mailaz igo nahi du

Imanol Garcia Landa 2019ko maiatzaren 23a

Tolosa Eskubaloia klubeko bigarren taldeak mailaz igotzeko aukera du, eta horretan saiatuko da, asteburu honetan jokatuko den azken jardunaldian.

Gipuzkoako lehen mailara igo nahi dute Aritz Garmendiak entrenatzen dituen mutilek, eta horretarako komeni zaie, larunbatean, 19:30ean, Legazpiren aurka Usabal kiroldegian jokatuko duten partida irabaztea. «Gure esku dugu igoera», esan du Garmendiak. «Irabazten badugu igo egingo gara. Erraz irabazteko partida da, hasiera batean, baina jokatu egin behar da».

Bigarren postuan dago Tolosa, eta lehen bi sailkatuak igotzen dira. Beste partida erabakigarria Leizaran lehen sailkatuaren eta Urola hirugarren sailkatuaren artean izango da. Hor gertatzen denaren arabera ere, Tolosak ez du zertan bere partida irabazi beharrik izango, baina Garmendiak ez du ezustekorik nahi: «Guk irabaztera joan behar dugu, beste partidan zer gertatzen den begiratu gabe».

Bigarren taldea izanik, helburu nagusia lehen talderako jokalariak prestatzea dela azaldu du Garmendiak: «Zenbat eta maila altuagoan egon, orduan eta prestakuntza hobea izango da, jokalari gazteek gehiago ikasten baitute».

Larunbaterako partidarako zaleen animoak eskatu ditu Garmendiak: «Etxean jokatzen dugu, eta zaleen bultzadarekin errazago lortuko dugu mailaz igotzeko helburua».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!