Euskal melodiaren fabrika

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 22a, 19:58

Elene Arandiak eta German Ormazabalek kontzertua eskainiko dute, bihar, 20:00etatik aurrera, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera, Errenteriako Musikaste jaialdian.

Errenteriako Niessen Kulturgunea, izen bereko fabrika zenaren espazioan eraiki zuten. 1997ko irailean zabaldu zutenetik, kultur eskaintza zabala eta arte eszenikoetako programazio egonkorra du. Maiatzean sartzearekin batera, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak antolatutako Musikaste jaialdia ospatzen da bertan. Aurtengoa 47. edizioa izaten ari da, eta Eresbilen zein Musikasteren sortzaile Jose Luis Ansorena omenduko dute. Euskal musika garaikideko erreferentziazko egile donostiarra maiatzaren 1ean hil zen.


Aurreko ostiralean hasi, eta larunbatean amaituko da jaialdia. Denera, hamar emanaldi programatu zituzten edizio honetarako. Horietako batean, Tolosako bi artista bilduko dira. Hain justu, German Ormazabal piano jotzaileak eta Elene Arandia abeslariak, Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrarekin batera, ohikoa ez den errezitaldia eskainiko dute, bihar, 20:00etan, pianoa, txistua eta ahotsa erabiliz, «literaturaz jantzitako saio berezi batean».

Euskal musikaren historiaz

Abeslariak, lehen aldiz hartuko du parte Musikaste jaialdian. Aurrez, antzeko emanaldiak eskaini izan ditu Tenpora taldearekin. Orain oholtza partekatuko duen musikarien artean, berriz, German Ormazabalekin aritu da behin bakarrik. «Berak deitu zidan, Garikoitzekin batera, pianoaren eta txistuaren errezitaldi bat eskaintzeko asmoa zutela azalduz. Artxipielagoa izeneko proiektuan bi urte eta erdiz batera aritu ostean sortu zuten ideia», azaltzen du Arandiak.


Lehen aipatu bezala, Ansorenari omenaldi txiki bat egingo diote. «Euskal musikagintzan sortutako obra edo lan esanguratsuen bilakaera historiko bat islatuko dugu, laburpen moduko bat, batez ere, pianoan eta txistuan. Horretarako, baina, beharrezkoa ikusten zuten hirugarren instrumentu bat sartzea; kasu honetan, ahotsa». Proposamena jaso ondoren, proba batzuk egin, eta funtzionatu zezakeela jabetu ziren.

Libanotik Urepelera

Euskal kantagintzaren barruan, abestu izan diren doinuak eta gutxiago abestu izan direnak ere entzuteko aukera izango da. Guztiak ere, entzuteko errazak direla dio Arandiak. Errezitaldia, pianoarekin eta txistuarekin hasiko da, Naji Hakim libanotarrak Mendizabali eskainitako hiru zatiko obrarekin. «Hakim Euskal Herrira etorri, eta bertako musikaz maitemindu zen. Kontzertu batean Garikoitz entzuten ari zela, txistuaren soinuarekin liluratuta geratu, eta obra bat egitea bururatu zitzaion». Euskal Herrian lehen aldiz entzungo da obra.


Jarraian, berriz, klasikoagoak diren kantuak entzungo dira. «Kasu horietan, baliteke txistuak interpretatutako melodia ezaguna izatea, baina beste norabide bat eman zaie orain». Izan ere, abesti batzuetan, Andoni Egaña bertsolariak idatzi ditu letrak. «Musikarion eta publikoaren hartu-eman hori melodiaren bidez lortu nahi dugu, nahiz eta ezezaguna izan. Letrek joko horretarako ere balioko dute».


Emanaldi berezi bat aurrera eramateko, ordea, ezinbestekoa da atzetik lana ondo egitea. Horretarako, entsegu ugari egin dituztela dio Arandiak. «Aurkezpen kontzertua izango da, eta beraz, oso garrantzitsuak izan dira proba guztiak. Astean pare bat aldiz geratu izan gara Tolosako musika eskolan, abestiak behin eta berriz errepasatzeko. Gainera, gure arteko erlazioa oso ona izan da hastapenetik».


Aurrez ezagutzen zituen kantuak izan arren, hiruen arteko kohesio hori lortzea beharrezkoa zela aitortu du. «Tonalitate aldetik, kantu guztiak, gizonezkoen ahotsentzako eginak daude». Besteak beste, Nere herriko neskatxa maite, Lau teilatu eta Xalbadorren heriotzean kantuak interpretatuko dituzte. «Hain erabilita dauden abestietan, zaila da erosotasun bat bilatzea». Publikoa horiek kantatzera bultzatuko duten edo ez galdetuta, «auskalo», dio Arandiak. «Euskaldunak oso isilak eta erreserbatuak gara horretarako».


Gutxi gorabehera, ordubete inguru iraungo du saioak. Sorpresaren bat edo beste ere izango da. «Txistua egungo edozein kantutan oso ongi barneratzen dela ikusi eta entzun ahal izango da». Formatu honekin orain arte iritsi ez diren tokietara heltzea izango da hurrengo helburua. Aretoaren eta testuinguruaren arabera, formatua ere alda daiteke. «Agian, ahots gabeko saioak eskaini ditzakete».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!