Carlos Peñaren beste munduko marka bat

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 22a, 08:57

24 orduz igeri egin zuen atzeraka Urumea ibaian, ikusmena ia guztiz kentzen zioten betaurrekoekin.

Carlos Peña tolosarrak beste munduko marka bat lortu du. Aurreko abuztuan, 24 orduz egin zuen igeri atzeraka, gelditu gabe, Urumea ibaian, eta erretinosi pigmentarioa modu aurreratuan simulatzen zuten betaurreko batzuk jantzita zeramatzala, hau da, ia ezer ikusten ez zuela. Official World Record erakundeak eman dio ziurtagiria.

Peñak guztira 24 ordu, 7 minutu eta 58 segundoz aritu zen igerian, eta 51 kilometro egin zituen. Argizti Optikak egin zizkion jantzita eraman zituen betaurreko berezi horiek. Berez eguzkitako betaurreko oso ilunak zirenei binilo beltz bat jarri zioten eta bi zulo egin, bakoitza  2 milimetrokoa.
Probaren helburua DameTVision irabazi asmorik gabeko erakundea ikustaraztea eta erretinosi pigmentarioari buruz gizartea kontzientziatzea zen. 7.000 gaixotasun arraro daude, eta horietako bat da erretinosi pigmentarioa. Ikusmenari eragiten dio eta gehienetan guztiz itsu geratzen da gaixotasuna duena.  

«Banekien zein zen aurrean nuen erronka, baina ez nuen pentsatzen 10 orduz egongo nintzela ia ezer ikusi gabe», esan zuen Peñak. Gaueko bederatzietatik goizeko zazpiak arte izan zen egoera horretan. Igerian aritu zen denbora guztia kontuan hartuta, tarte zailena hain justu,  gaueko zatia izan zela azaldu zuen muturreko igerilari tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!