Tolosa CFeko eskubaloi taldeak ez du lortu mailaz igotzea

Irati Urdalleta 2019ko maiatzaren 19a

Malagan jokatutako igoera fasean, partida bat berdindu eta bi galdu dituzte. Hala ere, denboraldi ona izan dela diote, ligako txapeldunak izan baitira.

Malagan jokatutako igoera fasean, lehenengo partida 25-27 galdu zuten Madrilen aurka, bigarrena 25 punturekin berdindu egin zuten Sant Quirzerekin eta hirugarrena 24-18 galdu zuten Malagaren aurka.

Igoera fase honetan zorte txarra izan dutela dio Alex Noges entrenatzaileak. Izan ere, bidaia oso luzea egitea tokatu zaie eta aurkariak ere oso indartsuak izan dira.

Igoera fasean azkenak gelditu arren, balorazio ona egin du Iker Ortiz jokalariak: "Taldea ondo ikusi dut eta denon artean bigarren partida oso ondo atera genuen. Oso gustura nago taldearekin". Egindako denboraldiarekin ere oso pozik dago jokalaria: "Pena da fase honekin saririk ez izatea, baina denboraldi oso ona egin dugu, ligan txapeldunak izan baikara bigarrenarekin berdinduta". Entrenatzailea ere bat dator: "Igoera fase honetan sartzea zen helburua eta sartu gara. Gainera, liga ere irabazi dugu".

Denboraldia amaituta, datorren urtera begira jarri dira. Ortizek azaldu duenez, jokalari batzuek utzi egingo dute taldea, baina talde polita izango dutela pentsatzen du. "Gure helburuak lortzen saiatzen jarraituko dugu", gaineratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!