Haurren Hiriaren bosgarren ikasturtea borobiltzera

Ataria 2019ko maiatzaren 17a

Bihar emango diote amaiera, Alondegia plazan, 11:00etatik aurrera. Haurrez gain, familiako kideek eta udal ordezkariek hartuko dute parte. Aurtengo ikasturtean, mugikortasuna lantzen aritu dira.

Guztira, Tolosako Laskorain, Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko 43 haurrek osatzen dute 2018-19 ikasturteko Haurren Kontseilua. Mugikortasunarekin lotutako egoera ezberdinetan kokatu dira haurrak, bertatik, beren esperientzia oinarri, ondorioak atera eta neurri ezberdinak proposatzeko. Honezkero, urteko 6 saioetatik 5 burutu dituzte eta bihar emango diote amaiera.

Hain zuzen, azken saio honetan Alondegian kokatutako txoko ezberdinetan batu, aurtengo gaia errepasatu eta landutakoaren ondorio eta proposamena alkateari helaraziko diote. Bide batez datorren urteari begira landu nahi dutena ere azalduko dute. Ondoren mokadu batekin amaituko dute ekitaldia.

Egitaraua:

10:30. Topaketa, Alondegian.

11:00. Jaiaren hasiera: musika, ginkana zirkuitua, txapa tailerra eta erakusketa.

12:30. Olatz Peon alkatearen eta zinegotziaren bisita. Ondoren, alkateari oroigarri bat emango zaio Haurren Hiriaren izenean.

13:00-13:30. Mokadua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!