Aldaketaren pausoak

Erabiltzailearen aurpegia Natalia Garmendia 2019ko maiatzaren 19a

Azken boladan, sorpresa galanta hartu dut nesken kirolean arrakastak nola bizi diren ikusi dudanean.

Orain arte, nahiz eta arrakastak jaso, ez ziren gaur bizitzen diren bezala bizitzen eta ospatzen. Arraunean, futbolean, trial bike-ean, gimnastika erritmikoan, ... Hainbat kiroletako txapelketetan postu oso onak lortu izan dituzten arren, herriak ez zekien.

Eta, ez zekien, ez zelako argitaratzen eta ez zitzaiolako garrantzirik ematen. Senitarteko eta lagunak bakarrik ziren horren berri zutenak. Badirudi gauzak aldatzen hasi direla, eta emakume kirolarien berri badaukagula. Gehiago esango nuke: orain, beraien poztasuna konpartitzen dugu kirolariak ez garenok ere, batetik, kirolean zerbait garrantzitsua lortu dutelako eta, bestetik, emakume irabazleak direlako.

Eta, niretzako, hori da aldatzen hasi dena: emakumeoi irabazle moduan begiratzen hasi zaizkigula. Eta, bazen garaia. Emakume asko pozten dira gizonezkoen kirol arrakastekin; ez zait hainbesterainokoa iruditzen, eskatzea, alderantziz ere gerta dadila. Eta gertatzen hasi da. Eskerrik asko, duela urte asko hau hasi zenuten guztiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!