Jakinduriak, bertsoa lagun

Imanol Garcia Landa 2019ko mai. 19a, 08:59

Zientzia eta bertsolaritza uztartzen dituen 'Jakinduriek mundue erreko dau' egitasmoak geldialdia egingo du Tolosan, Topic aretoan, maiatzaren 22an. Onintze Salazar, Juan Igancio Perez Iglesias, Gorka Azkune eta Josu Lopez-Gazpio zientzialariak ariko dira solasean, eta Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus bertsotan. Kike Amonarrizek gidatuko du saioa.

Eta zergatik ez zientzia, dibulgazioa eta bertsolaritza uztartu? Zientziaren dibulgatzaile moduan aritzen den Xabier Artaetxebarria ingeniariari ideia horixe bera etorri zitzaion burura, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean zegoela, bertara joan zen jendetza ikusita. Zientziara jendea erakartzeko bertsoak erabiltzea pentsatu, eta harremanetan jarri zen Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrarekin; proposamena aurkeztu, eta hortik abiatu zen Jakinduriek mundua erreko dau egitasmoa. Bere bidea egiten ari da azken urteetan, eta maiatzaren 22an Tolosako Topic aretoan egingo dute saio bat, 19:00etan hasita. Ohi bezala, doan izango da.

Uxune Martinez Kultura Zientifikoko Katedraren ordezkariak eta egitasmoaren koordinatzaileak azaldu duenez, izenak badu bere esanahia: «Atsotitz bat da, Gotzon Garate hizkuntzalariak jasoa, duela urte askotakoa. 'Jankinduriek mundua erreko dau' esanak jasotzen zuen, duela bi mende inguru edo, zer-nolako mesfidantza zegoen, jakintsuekiko eta haiek esaten zituztenekiko. Herriak adierazten zuen, esan horrekin, zientziarekiko mesfidantza; zerbait iluna edo txarra zegoela hor».

«Denok ezagutzen dugu zer den tirita bat, baina ez da hain jakina, tirita baten atzean zer dagoen. Bada, kimika dago, eta polimeroz osatuta dago» UXUNE MARTINEZ

Gaur egun ez dago mesfidantza hori gizartean, baina «zientziak badu itzal edo gerizpe bat iluna dena, Martinezek azaldu duenez; badauka zaila denaren etiketa hori, hau da, bakarrik adituek edo laborategietan daudenek jakin dezaketela, edo ezagutzen dutela. Gure mundutik kanpo dagoen zerbait izango balitz bezala». Eta horri buelta ematea da, zientzia dibulgatzaileen eta egitasmoaren helburuetako bat: «Zientzia egunero dugu ondoan. Irrati seinalea uhinen bidez doa, eta hor zientzia dago atzean. Hor ditugu ordenagailuak eta sakelako telefonoa, gure hirugarren eskua dena, eta horren ostean matematika, ingeniaritza eta adimen artifiziala daude. Zientzia bertan daukagu, egunerokotasunean».

Gaur egun bertsolaritzak duen erakargarritasuna baliatzen dute, jendea saioetara joateko. «Bertsolaritzak badu dohain bat: bildu egiten garela bere ondoan. Erakarri egiten du jendea, eta gure kulturaren zati edo ondare gisa hartzen dugu», esan du Martinezek. «Asmoa da, saio hauekin hori bera proposatzea zientziarekin. Hau da, bertsolaritza ondare kulturala den moduan, zientzia ere ondare kulturala dela, eta biak nolabait uztar daitezkeela». Zientziak bere horretan pizten du interesa, eta horrela jaso ohi dute, soziologoek egiten dituzten ikerketetan. Baina, gero, hori zenbait jardueratara edo hitzalditara joaterako orduan, ez dela egiaztatzen dio Martinezek. Jakinduriek mundua erreko dau proiektuarekin, egoera horri beste aurpegi bat jartzea da asmoa.

Askotariko gaiak jorratzen dituzte saioetan. «Aurreko batean, oso polita izan zen tiritei buruzkoa», esan du Martinezek: «Denok ezagutzen dugu zer den tirita bat, baina, ez da hain jakina, tirita baten atzean zer dagoen. Bada, kimika dago, eta polimeroz osatuta dago». Beste gai bat ere aipatu du, adibide moduan: «Bilboko kirol proba batean gertatutakoa izan zen. Ibaian igeri egin behar zuten, eta batzuk mikroorganismo batekin kutsatu egin ziren, eta gaixotu egin ziren. Bada, mikrobiologo bat eraman genuen Bilboko saio batera, azaltzeko, zer zen mikroorganismo hori, eta zergatik gaixotu zituen kirolari horiek».

Saio entretenigarriak

Kike Amonarriz aurkezle eta komunikatzaile tolosarrak gidatu ohi ditu saioak, eta Tolosakoan ere lan horretan ariko da. Kultura Zientifikoko Katedratik jarri ziren berarekin harremanetan, eta hasieratik proiektua oso polita eta erakargarria iruditu zitzaion. «Bilbon egin genuen, orain dela lau urte, lehenengoa, EHUren areto batean. Eta, egia esan, aurkikuntza bat izan zen. Hasieratik ikusi genuen formatu interesgarria zela. Bakarrizketa zientifikoak, horiek bertsoekin erantzun, tartean aurkezpenetan umorea sartu, eta gero, gainera, publikoarekin zientziaren inguruko jolas bat egitea. Hura oso ondo atera zen, bertaratu zen jende guztia ikaragarri gustura atera zen». Hurrengo urtean ere Bilbon egin zuten, eta iaz hasi ziren Bizkaiko beste herri batzuetan egiten. Gipuzkoan eta Iruñean ere egin dute, eta formatua zabaltzen ari da.

Tolosako saioan lau zientzialari izango dira. «Onintze Salazarrek eguraldiaren inguruko gai bitxi bat ekartzen digu, bideo ikusgarri batzuekin, Jendeak ezustekoak hartzen ditu», esan du Amonarrizek. «Juan Ignacio Perez Iglesiasek naturarekin lotutako gaiak ekarri ohi ditu, eta Gorka Azkunek teknologiaren ingurukoak. Josu Lopez-Gazpio tolosarrak azaltzen dituen gaiekin, jendea aho zabalik geratzen da». Bertsolariak Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus izango dira.

Formatua hasieratik oso ondo ezkondu zela dio Amonarrizek: «Bakarrizketetan aritu diren zientzialari guztiak saiatzen dira, joango diren jende guztiarentzat interesgarriak eta deigarriak izango diren gaiak sartzen, eta askok umore puntu bat eransten diote. Gero, bertsolariak ere oso adi egoten dira, eta zientzialariek aipatu dituzten gaiak helduleku bezala hartzen dituzte, bertsotan aritzeko. Jendearengan oso efektu polita sortzen du horrek». Amonarrizek gogora ekarri du, egitasmoaren bultzatzaileetako bat den Perez Iglesiasek dioena: «Saio hauen helburu nagusiena jendea dibertitzea da. Gero, dibertitzeaz gain, datu deigarri batzuk jaso eta bertso on batzuk entzuten dituzu».

Zientzialarien bakarrizketak hamar minutukoak izaten dira, eta bakoitzak bere euskarriak erabiltzen ditu azalpenak emateko. Bakarrizketa bakoitzaren ondoren, bertsolariak aritzen dira, banaka edo binaka. «Aipa dezakete entzuten dutena ala ez, hori bertsolariek hartzen duten bidearen arabera izaten da», esan du Amonarrizek. Saioaren une batean jolas bat egiten dute publikoarekin, eta sariak banatzen dituzte. Saiora joaten direnei bi txartel ematen dizkiete, berdea eta gorria, eta, bata ala bestea altxatuz, asmatu egin behar dute zein den egiten zaizkien galderen erantzun zuzena. Saioa egingo den herriari lotutako galdera batzuk prestatzen dituzte; horrela, datorren asteazkenean, Tolosa eta zientzia lotzen dituzten kontuei buruzko galderak egingo dituzte. «Beraz, pentsa, sarrerarik ordaindu ez, ondo pasatu eta, gainera sari batekin joan zaitezke etxera», esan du Amonarrizek.

Josu Lopez-Gazpiorentzat ez da lehenengo saioa izango Tolosakoa: «Lehenbizi Ondarroan egon nintzen, eta jende asko etorri zen. Oso gustura egon nintzen, eta oso ondo joan zen. Gero errepikatu egin dut, beste bost bat aldiz eta herri ezberdinetan, eta oso gustura aritu naiz». Lopez-Gazpio irakaslea da Mungiako Ikastolan, kimikaria, eta zientzia dibulgatzailea. TOLOSALDEKO ATARIAren kolaboratzailea izateaz gain, Zientzia Kaiera blogean parte hartzen du eta Euskadi Irratiko Ekosfera saioan ere bai.

Komunean ura botatzen denean, tapak irekita edo itxita egon behar duen izango du hizpide. «Hamar minutuan ezin da erakutsi asko, baina kontzeptu batzuk eta kuriositate batzuk eman daitezke», esan du Lopez-Gazpiok. «Gehiegi sakondu gabe, baina zuzentasuna galdu gabe aritzen gara. Zientzia ikasi izan dugun moduagatik, askotan pentsatzen da zerbait astuna dela, zaila ulertzeko, baina konta daiteke modu erraz eta entretenigarri batean. Jakin-mina piztu ahal zaio entzuten ari denari, edo aurretik planteatu ez duen galdera bat sortu». Zientzialariak diskurtsoa moldatu egin behar duela dio Lopez-Gazpiok, hitz teknikoak aurretik azalduz, edo metafora batzuk erabiliz. «Dena azal diezaiokegu, edozeini», dio Lopez-Gazpiok.

Lehenengo saioa antolatzerakoan, ez zuten pentsatu bertsolariek zientziarekin zerikusia zuten edo ez begiratzea. Martinezek dioenez, «ikusi genuen zein ziren saioetan gai zailetan zirrikituak bilatzen zituztenak, gaia eta bertsoa josteko. Gerora, denetarik izan dugu. Badaude ingeniariak diren bertsolariak edo, Jone Uria, matematikaria dena; kazetariak direnak ere badira, edo zuzenbidean lizentziatuak... Ez dugu begiratu, propio, zientziarekin harreman zuzena ote duten. Profil ezberdinak hautatu ditugu, ikusteko, zer-nolako emaitzak ematen dituzten eta, egia esan, denak izan dira oso onak». Lopez-Gazpiok dioenez, «bertsolarientzat ere, pentsatzen dut ez dela erraza. Batzuetan gai teknikoagoak dira, adibidez, termodinamikari buruz izan daitekeelako gai bat. Baina moldatzen dira nonbaitetik eusteko, eta ateratzen dituzte bertsoak, eta jendea gustura aritzen da. Bertsolariek ere, zalantza bat badute, hori botatzen dute, edo zer ikasi duten ere azaltzen dute, bertsotan».

 

« Zientzia ikasi izan dugun moduagatik, askotan pentsatzen da zerbait astuna dela, zaila ulertzeko, baina konta daiteke modu errazean» JOSU LOPEZ-GAZPIO


Zientzialari tolosarrak ez ditu «gai teknikoegiak» hartzen. «Erraz uler daitezke, gehiago da umoretik jorratzea». Kaka eta pixaren gaia hartzen du askotan, eta gero elikaduraz edo beste gai batzuez hitz egiteko aukera ematen dio. Bestalde, jendea gustura geratzen dela esan du: «Saioa bukatzerakoan, tarte batez geratzen gara eta, egia esan, nik jaso dudana beti izaten da jendea gustura geratzen dela. Entzuten ari direnean ere, asko adi, barrez ere ikusten dira eta, alde horretatik, niri asko gustatzen zait. Eta, norabait joatea proposatzen didatenean, oso gustura joaten naiz saio hauetara. Orain, Tolosan egingo dugulako ere oso gustura nago». Gainera, Lopez-Gazpiok horrelako egitasmoak ahal den leku guztietara eramatea proposatu du: «Publiko orokorra ez da joango Tolosatik Bilboraino, baina, adibidez, Topic-en saioa duenean, errazago anima daiteke».

Saioak gidatuz, Amonarriz bera ere ikasten ari da zientziaren inguruan eta, bertsolariei gaiak jartzea egokitzen zaionez, zenbait teknika ere ikasten ari dela dio; eta baita «esperimentatzen» ari dela ere. «Aurkezpen mota ezberdin bat da. Normalean mantala zuriarekin jantzita joaten naiz, zientzialariz mozorrotuta, eta horrek aurkezpenari pertsonaia puntu bat eransten dio, eta aukera ematen dizu bestela esango ez zenituzkeen gauza batzuk esateko edo egiteko». Gonbidapen zehatza egin du aurkezleak: «Norbaitek zalantzaren bat badu, joan dadila saiora. Ez zaio damutuko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!