Zubeldia, Ruiz de Larramendi eta Elola, aurrera

Ataria 2019ko maiatzaren 17a

Argazkia: www.agerremedia.com

Tolosako lau eta erdiko San Joan Pilota Txapelketaren lehen jardunaldian, jubeniletan Zubeldiak (Intxurre), etorkizunekoetan Ruiz de Larramendik (Lapke) eta elitekoetan Elolak (Aurrera-Tolosa) egin dute aurrera.

Zubeldiak 22-15 irabazi zion Etxanizi (Bergara). Lehen zatia oso parekatua izan zen (11-11), eta bigarrengoan Zubeldia freskoago aritu zen. Ruiz de Larramendik 22-18 irabazi zion Olaetxeari (Irurtzun). Partida ederra eskaini zuten bi pilotariek, tanto oso politak eginez eta ia hutsegiterik egin gabe. Elolak 22-16 irabazi zion Zubiriari (Zazpi-Iturri). Min handia egin zuen Elolak sakearekin eta pilotari abiadura emanez.

San Joan Txapelketaren bigarren jardunaldia bihar jokatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 11:00etan hasiko den jaialdian. Jubeniletan Senar (Lapke) eta Altuna (Aurrera-Tolosa) ariko dira, nor baino nor. Aurreko asteburuan Josetxo Ezkurraren finala jokatu zuten bi pilotariek, eta orduan Senarrek irabazi zuen. Etorkizunekoen mailan, Arribillaga (Ardoi) eta Osa (Gazteleku) ariko dira elkarren aurka. Elite mailan Espinalek (Huarte) eta Alain Prieto k jokatuko dute elkarren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!