"Nerea, Nerea, Nerea!!!"

Ataria 2019ko maiatzaren 16a

Realak Espainiako Kopa ospatu du Tolosan. Jende ugari elkartu da udaletxe aurrean eta Nerea Eizagirre jokalari tolosarraren izena oihukatu dute bereziki.

Lehenbizi udaletxean harrera egin die udalak, eta Olatz Peon alkateak zoriondu egin die Realeko taldekideei lorpenarengatik. Nerea Eizagirre tolosarri txapela jantzi dio, Nahikari Garcia kapitainari Tolosako Bordon Dantzan erabiltzen den alabarda eta Gonzalo Arconada entrenatzaileari (Tolosa CF-ren entrenatzaile izandakoa) oroigarri bat eman dio. Ondoren,  Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendariak txapeldunen argazkia oparitu dio alkateari.

Ekitaldia eta gero iritsi da unea jokalariak udaletxeko balkoira ateratzeko. Lehertu da plaza eta hainbat abesti abestu dituzte lortutako kopa ospatuz. Nerea Eizagirrek eskertu die herritarrei plazara agertzea, eta hauek "Nerea, Nerea, Nerea!!!" oihukatuz erantzun dute. Bukaeran, koparekin eta Realeko jokalariekin argazkiak ateratzeko aukera izan dute zaleek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!