Urteko egunik magikoenak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 17a, 11:59

Asteburuan, Gau Zuria eta Lore eta Landare azoka hartuko ditu Tolosa Zuria Loretan ekimenak, kultur egitarau zabalarekin.

Ia 40 urte dira Anoetako Azpiazu Mintegiko Iñigo Azpiazu eta Isabel Azurzak, larunbatero, Berdura plazan lore eta landare postua jartzen dutela. Hori dela eta, euren etxean aurkeztu zuten, atzo, aurtengo Tolosa Zuria Loretan ekimena. Proiektu hau, Hiri Ekonomia osatzen duten eragileek elkarlanean sortu zuten, eta asteburuan zehar, hamaika ekitaldi izango dira, Tolosaldean dagoen landare eta kultur zaletasuna sustatu asmoz.

«Kulturaz ari garela, ezin gara herriko ondare garrantzitsuenetako batetaz ahaztu». Hain justu, bihar, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Topicen. Hala ere, gaur ateak zabalduko dituzte. Idoya Otegui Topiceko zuzendariak azaldu bezala, «hori da aurtengo ideia nagusia, eta bat dator gurekin». Musikarien laguntza izango dute, Gau Zuria ospatzeko. Museoko hiru gunetan joko dutela azaldu zuen Amaia Lizaso Eduardo Mocoroa musika eskolako zuzendariak. «Plazer hutsa da leku zoragarri horretan jotzea».

Horrez gain, zabaldu berri duten ‘Eszenak & Istorioak’ erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak izango dira, Bide-bide tabernak prestatutako koktel zuria dastatu aurretik. «Erakusketara joan nahi dutenek, izena aurrez ematea eskatzen dugu, plaza mugatuak izango direlako».

Aurten 10 urte betetzen dira Topic herritarrentzat zabaldu zutela. Oteguik azaldu zuen bezala, «gizarteari irekitako museoa da. Museo bat ez da pieza ezberdinak biltzen dituen areto bat, herritarren inplikazioarekin batera, eragileekin elkarlanean, ekitaldi ugari hartzen dituen gunea baizik»

Topicekoak, ordea, ez dira bisita gidatu bakarrak izango. Beste behin ere, gauez, alde zaharra eta Santa Maria eliza gertutik ezagutzeko aukera izango da. Brian Cullen Tolosaldea Tour-eko gidaren laguntzaz, lastargiekin joango dira, ostiralean (euskaraz) eta larunbatean (gaztelaniaz). «Izena aurrez ematea eskatzen dugu, bisita kalitate handiagokoa izan dadin».

Lorategi erraldoi bat, erdigunean

Gaurkoa, «gau magikoa» izango dela dio Nerea Letamendia Azoka eta Turismo zinegotziak. «Ekintza gomendagarriak dira, baina ez ostiralekoak soilik». Ohiturari jarraituz, Tolosan, azoka ospatuko da bihar. Berezia izango da, izan ere, San Isidro egunaren ondoren, eta Lore eta Landare azokaren aitzakian, baserritarrak omenduko dituzte, musikari eta dantzariekin. «Gainera, betiko postuez gain, mintegi berriak izango dira Berdura plazan».

Azoka berezi hau ospatu den bakoitzean, lorez atondu izan dute herria. Aurten, Gaztelako Atearen txanda izango da. Gipuzkoako loradenden elkarteak, ‘Berrikuntzaren atea’ deituriko lorategi erraldoi bat ezarriko du bertan. Amaitzeko, goizean baserritarrez betetako Zerkausia, Musika Bandako kideek hartuko dute arratsaldean, Musikariaren barruan, 25. urtez jarraian eskainiko dutelako kontzertua. «Bisitarientzat, beraz, Tolosa ezagutzeko beste modu bat izango da», gaineratu zuen Letamendiak.

EGITARAUA:

Maiatzak 17, ostirala - Museoen Nazioarteko Eguna eta Gau Zuria:

17:00-01:00. Ate irekiak TOPIC museoan

17:00-00:00. Tolosako Musika Eskolako ikasleen emanaldiak, TOPICen

23:00. Bisita gidatu bereziak “Eszenak & Istorioak. Speeltheater Holland (Studio) eta bere mundu magikoa” aldizkako erakusketan, euskeraz (beharrezkoa da izena ematea).

00:00. Bisita gidatu bereziak “Eszenak & Istorioak. Speeltheater Holland (Studio) eta bere mundu magikoa” aldizkako erakusketan, gaztelaniaz (beharrezkoa da izena ematea).

21:30. Alde Zaharrean eta Santa Maria parrokian gaueko bisita gidatua, euskaraz, Tolosaldea Tour-eko bulegotik hasita.

22:30-00:30. Koktel Zuriaren dastaketa Bide-bideren eskutik, Topic museoan.

Maiatzak 18, larunbata - Lore eta Landare azoka berezia

9:00-14:00. Larunbateko Azoka Zerkausian eta Euskal Herria plazan

9:00-14:00. Lore eta Landare Azoka Berezia Berdura plazan

10:00-14:00 eta 15:00-19:00. Ate irekiak TOPIC museoan.

12:00. FOTOPIC lehiaketaren sari banaketa.

16:30-19:30 BirZIklatu bigarren eskuko merkatua, Berdura Plazan.

17.00 -18:00. Haurrentzako doako tailerra Topic-en.

19:00. Musikariaren barruan, Tolosako Musika Bandaren kontzertua, Zerkausian.

21:30. Alde Zaharrean eta Santa Maria parrokian gaueko bisita gidatua gaztelaniaz, Tolosaldea Tour-eko bulegotik hasita.

Asteburu osoan. Neurri handiko lore-instalazioa Gaztelako atean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!