Berrehundik gora haur futbolean Larramendin

Ataria 2019ko maiatzaren 16a

Larramendi Auzo Elkarteak bigarren urtez antolatu du Larramendiko 4x4 Futbol Txapelketa. Maiatzaren 18an, etzi, egingo da txapelketa, 12:00etan hasita.

Guztira 53 taldek eman dute izena, horietatik 28 benjamin mailakoak eta 25 alebin mailakoak. Lau parte hartzaile izango dira talde bakoitzean, beraz, 212 neska eta mutilek parte hartuko dute txapelketan. Eguerdian hasiko da eta finalak 19:30ak inguruan izango direla aurreikusten dute. Arkauteko parkean jokatuko da txapelketa, belar gainean, eta auzoari bizia ematea da egitasmoaren helburu nagusia. Antolatzaileek barra jarriko dute, eta ogitartekoak eta pintxoak ere salgai jarriko dituzte egun guztian zehar.

Txapelketa guztia jarraian izango da, eta multzoen fasean lau minutuko partidak izango dira. Aurrera egiten dutenek hiru minutuko bi zati jokatuko dituzte, minutu bateko atsedenarekin.

Orain dela bi urte auzoko festetan antolatu zuten lehen futbol txapelketa. "Festaz gain horrelako ekitaldi bat antolatzea lan asko eskatzen zuela ikusi genuen, eta pentsatu genuen dataz aldatzea. Maiatzera aldatzea pentsatu genuen eta aurreko urtean egin genuen lehen aldiz. Arrakasta handia izan zuen eta eguraldiak ere lagundu zuen, eta berriro animatu gara antolatzera", azaldu dute auzo elkarteko kideek. Eguraldi iragarpenei begira daude aldiro antolatzaileak. "Gutxienez euria ez badu egiten, pozik egongo gara. Euria egingo balu, Arkaute etxearen gela bat prestatuko dugu haurrek aldatzeko aukera izan dezaten". Bestalde, parte hartzaile bakoitzak bi euro ordaindu ditu izena emateko, eta pintxo bat eta edari bat izango dute.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!