«Ez naiz horren atzetik ibili, baina gustura hartzen da izendapena»

Imanol Garcia Landa 2019ko mai. 16a, 19:58

Lehenengo aldiz izendatu dute, lehen maila nazionaleko saskibaloi ligako jokalari baliotsuena, ingelesez MVP siglekin adierazten dena, eta Redline Mekanika Takeko Beñat Azaldegi tolosarra izan da aukeratua. Taldeak seigarren postuan amaitu du liga.

Nola hartu duzu jokalari baliotsuenaren izendapena?

Egia esan, nahiko ezustean harrapatu nau. Orain arte, egia da ez zituztela horrelako izendapenak egiten, euskal federaziotik. Ez naiz horren atzetik ibili, baina gustura hartzen da.

Izendapena jasotzeko batezbesteko balorazioa kontuan hartzen da, eta zurea 18,9 puntukoa izan da. Nola ateratzen da zenbaki hori?

Onerako, kontuan hartzen dira egiten dituzun puntuak, erreboteak, asistentziak, lapurtzen dituzun baloiak... Eta, gero, akats bezala kontatzen dira, huts egiten dituzun tiroak, egiten dituzun faltak, galtzen dituzun baloiak... Horien arteko batezbestekoa egiten dute, eta partidako balorazioa ateratzen da. Lortu ditudan 18,9 puntuak, partida guztien arteko batezbestekoa dira. Nahiko zenbaki polita da.

Puntuei dagokienez, bataz beste 12,9 lortu dituzu, eta erreboteetan 10,3. Gainera, azken horretan ere, zu izan zara lehenengoa.

Erreboteei dagokienez, zortea izan dut, jokatzen dudan postuarengatik, hegal pibot bezala aritzen bainaiz; eta minutu asko jokatu ditudalako ere bai. Ez nuen espero partidako 10 errebotetik gora hartuko nituenik. Nahiko zifra polita da. Beti izan dut joera handia erreboteak hartzeko, eta saiatzen naiz erasoko erreboteak hartzen. Beti gustatu izan zait saskiaren azpian bigarren aukerak bilatzea, niretzat saskiratzeak lortzeko aukerarik onena hori izaten delako. Abilezia gehiegi ez dugunok gehiago borrokatu behar dugu, saskiratzeak lortzeko.

Bukatu da liga, eta seigarren geratu zarete.

Denboraldiaren balantzea oso positiboa da. Orokorrean, taldeak nahiko lan korala egin du eta denboraldi ona egin dugula uste dut. Entrenatzaileak azaldu zuen, denboraldiko helburua ligan mantentzea zela. Lehen itzuli polita egin genuen, eta pentsatu baino lehen bete genuen helburu hori. Hortik aurrera, gora begira aritu gara, baina inongo asmo zehatzik gabe. Bukaera aldera bigarren eta bosgarren postuen artean sailkatu nahi genuen, igoera fasea jokatzeko. Azken jardunaldira aukerekin iritsi ginen, baina, partida irabazi arren, Hernanik ere irabazi egin zuen, eta igoera fasea jokatzeko aukerarik gabe geratu ginen. Hori bai, datorren denboraldiari begira, albiste on bat dugu: ia jokalari guztiok jokatzen jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!