Orixekoak hainbat lekutan banatuta

Irati Urdalleta 2019ko mai. 16a, 19:59

Tolosako Orixe ikastetxeko eraikina eraitsi eta berria eraiki behar dutenez, ikasleak beste eraikin batzuetan ariko dira; 2022-2023 ikasturterako eraikin berria prest izango da.

Orixe ikastetxeko eraikina eraitsi eta beste bat eraikitzeak aldaketak ekarriko ditu. Izan ere, hainbat eraikinetan banatu beharko dituzteikasle, irakasle eta langileak.

Egungo eraikina zaharkituta dago, eta Joxerra Zalakain Orixeko zuzendariak azaldu duenez, hainbat arazo ditu. Besteak beste, hezetasuna eta irisgarritasuna bermatuta ez egotea.

Horri konponbidea emango diote eraikin berriarekin. Zalakainek dioenez, harremanetan daude Hezkuntza Sailarekin, eta aurreratzen ari dira. Obrengatik hurrengo ikasturtean beste eraikin batzuetan egon beharko dute. «Jada erabakia hartuta daukagu», baieztatu du Zalakainek. Zientzia eta Teknologiako batxilergoa Tolosako Lanbide Heziketako ikastetxean egongo da, eta Giza eta Gizarte zientzietakoa paper eskolan. DBH1 eta DBH3 Gorosabel eraikinean geratuko dira; DBH2koak Samaniegora joango dira eta DBH4koak Orixen geratuko dira. Gainera, behar bereziak dituzten ikasleen ZIG gelak, laborategiak eta gimnasioa ere bertan geratuko dira. Ikasleekin batera, irakasleak ere kokatu behar dituzte eta, horretarako, bilerak egiten ari dira Hezkuntza Sailarekin. «Irakasleek ezingo dute gora eta behera ibili», azaldu du Zalakainek. Hori konpontzeko, irakasle finkoak egongo dira, eraikin batean eta bestean. Gainera, eraikin bakoitzean zuzendaritzako ordezkariren bat egongo da.

Zalakainek dioenez, ezin da zehazki esan, aldaketak zenbat ikasle, irakasle eta langileri eragingo dion. Datorren ikasturtean, Santa Luzia zonaldean geratuko dira 500 ikasle inguru, eta paper eskolara joango dira 100 baino gehiago. Irakasleei dagokienez, Zalakainek dio, gutxi-gorabehera, hiru irakasletik batek egon beharko duela paper eskolan.

Eraikin berria egiteko lanak ere hasi dira. «2020-2021 ikasturtean Orixe bota egingo dute, eta ikasturte horretan hasiko dira berriro eraikitzen». Aurreikuspenak beteko balira, 2022-2023 ikasturterako prest egongo litzateke eraikin berria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!