Mailaz igotzeko aukerari eusten dio Tolosa CF-k

Imanol Garcia Landa 2019ko mai. 15a, 19:59

Erregional Ohorezko mailako futbol taldeak Anaitasunari 2-0 irabazi dio azken jardunaldian.

Denboraldi bukaera mugitua bizitzen ari dira Tolosa CF Erregional Ohorezko mailako taldekideak. Hirugarren postuan doaz sailkapenean eta azken jardunaldian sailkapenean bigarren doan Anaitasunari 2-0 irabazi zioten Berazubin. Bi jardunaldi falta dira jokatzeko, eta orain hiru puntura daude tolosarrak. Eibar taldeak du lehen postua ziurtatuta, baina ezingo da igo Hirugarren Mailara, Vitoria taldea Bigarren B mailatik jaitsiko delako, eta bi talde horiek lehen mailan lehiatzen den Eibar taldearen mendekoak direlako. Beraz, bigarren sailkatua zuzenean igoko da eta hirugarrenak igoera fasea jokatuko du.

Ander Avellaneda Tolosa CF-ko entrenatzaileak azaldu duenez, «sei puntu geratzen zaizkigu jokoan eta guk denak lortu behar ditugu». Izan ere, igoera fasea irabazteak ez du ziurtatzen mailaz igotzea, ikusi egin behar delako zenbat euskal talde jaisten diren Hirugarren Mailara Bigarren B Mailatik.

Tolosa CF-ri Allerru eta Añorga geratzen zaizkie aurkari moduan, eta partida «gogorrak» izango direla dio Avellanedak. «Egia da Anaitasuna mentalki ez dagoela ondo, eta hainbeste porrot izanik jarraian, denboraldi amaiera pisua egiten ari zaie».

Anaitasunaren aurkako partidari dagokionez, «zuzenean igoera lortzeko lehia horretan jarraitzeko guretzako final bat zen», esan du Avellanedak. «Partida nahiko parekatua izan zen, bi taldeak errespetu handiz zelairatu baikinen. Egia da bigarren zatian taldea hobeto sartu zela, hamar minututan 2-0 jarri ginen eta partida ondo eraman genuen amaiera arte». Anaitasunarentzat berdinketa emaitza ona zen, eta Tolosa CF-k bazekien irabazi egin behar zuela. «Hasieratik beraien bila joan behar genuela esaten genuen, baina ez ginen erotu behar. Partidak 90 minutu ditu eta bukaera arte bizirik egon behar genuen», esan du entrenatzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!