Gertuko musika onenaz gozatzeko zortzi egun

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 15a, 11:00

Larunbatean hasita, XXV. Musikaria ospatuko da astebetez. Talde ugarik hartuko dute parte, eta hilaren 25ean emango zaio amaiera, Musikerria festa erraldoiaren seigarren edizioarekin.

Urtean zehar, askotarikoak izaten dira Tolosan kulturaren inguruan antolatzen diren ekimenak. Ikasturtea amaitzear denean, eta udaberrian bete-betean sartuta gaudela, musikak hartzen du erreleboa. Bertakoak nahiz kanpokoak, erritmo eta kolore guztietako musikak. Larunbatean ekingo diote 25. Musikariari. Astebetez, talde desberdinen kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Hilaren 25ean, berriz, Musikerria festak hartuko du Tolosa, egun osoan doinu desberdinak entzuteko aukerarekin.

 

Patxi Amantegi alkateordeak atzoko aurkezpenean adierazi zuen moduan, “Tolosaren eta tolosarron musika eta izaera musikala inoiz baino gehiago azaleratuko da herriko txoko ezberdinetan”. Herriko lau eremuk zortzi ekintza hartuko dituzte: musika eskola, Zerkausia, Topic eta Santa Maria eliza. “Aurten, gainera, estrainekoz Tolosa Zuria Loretan ekimenaren parte izango dira musika eskolako ikasleak”.

 

Musika eskolako zuzendari den Amaia Lizasok, Musikariaren egitarauari buruzko xehetasunak azaldu zituen: “Topiceko gau zurian, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzearekin batera, emango zaio hasiera”. Ikasleek, ate irekiera girotuko dute. Asteburuan, berriz, Musika Bandak eta Arimaz orkestrak kontzertuak eskainiko dituzte. “Azken hauek, ibilbide internazionala duen Guillermo Presa saxofoi jotzaile donostiarra izango dute kolaboratzaile modura”.

 

Astelehenean, berriz, musika eskolako areto nagusiak, Tolosako eta Beasaingo musika eskoletako ikasleen elkartruke kontzertua hartuko du. Asteartean, Iñaki Plaza eta Jon Garmendia '20 hatz' taldeko kideek, euskal musika tresnen inguruko saio didaktiko bat eskainiko dute musika eskolan. “Instrumentu ezagunak eta ez hain entzutetsuak ikusteko eta entzuteko aukera izango da”.

 

Bestetik, birziklatutako objektuekin instrumentuak egin eta kontzertua eskaintzeko aukera izango da, asteazkenean, 'Trakamatraka' izeneko tailer eta emanaldi didaktikoari esker. “Jazz erritmoa duten mangerak edota didjeridu bihurtuko diren yogurt potoekin, birziklatze kontzientzia zabaltzea da asmoa”. Jon Urrutia bilbotarrak zuzenduko du 5 urteko haurrentzako saioa.

 

Ostiralean, berriz, 'Bohemien trio' taldeak kontzertua eskainiko du Topicen. “2018an proiektu berriarekin hasi ziren esperientzia handiko musikariak dira . Doinu gozoak entzun ahal izango dira: musika frantsesa, jazz estandarra, edota kultura ezberdinetako musika tradizionala”.

 

Azkenik, Musikerria ospakizunaren txanda helduko da. Hilaren 25ean, Musikariari amaiera emango dio festak. Goizean eta eguerdian zehar, dultzaineroen dianak, herriko abesbatzen kontzertuak eta instrumentu taldeen eta txarangen kalejirak izango dira. Aitor Altuna antolatzaileak, Laskorain ikastolak antolatutako bazkaria Zerkausian izango dela gogorarazi nahi izan du. “Gautena elkartearen aldekoa izango da, eta tiketak, Xirimiri, Orbela eta Ikatza tabernetan eros daitezke, 6 (14 urtetik beherakoak) eta 12 (helduak) euroren truke”.

 

Bazkal ondoren, herritarrek instrumentuak hartu eta Zerkausiko giroa musikaz alaitzeko aukera izango dute, baita larrain dantzan oinak astintzeko ere. “Ondoren, egunean zehar jotzen arituko diren tolosarrei gozatzea egokituko zaie”. Izan ere, Jarauta 69 txarangaren kalejiraz eta Trikidantz taldeak eta Niko Etxart eta Maialen Errotabeherek eskainiko dituzten kontzertuez gozatzeko aukera izango da.

 

Amantegik, parte hartzaileei eskerrak emanez amaitu nahi izan zuen aurkezpena. “Herri honetan oinarrizkoa den elkarlana kaleetan erakutsiko dela, eragile ezberdinen bitartez. Aste bikain bat igaroko dugu; beraz, tolosar guztiak animatu nahi ditugu kalera atera eta guzti honen parte izatera”.

EGITARAUAK:

MUSIKARIA

Maiatzak 17, ostirala.

17:00 eta 00:00. Gau Zuria, Topicen. Musika eskolako ikasleek ate irekiera girotuko dute.

Maiatzak 18, larunbata.

19:00. Tolosako Musika Bandaren kontzertua, Zerkausian.

Maiatzak 19, igandea.

12:30. Arimaz orkestraren kontzertua, Santa Klara komentuan, Guillermo Presa saxofoi jotzailearekin.

Maiatzak 20, astelehena.

19:00. Tolosa eta Beasaingo Musika Eskolako Ikasleen elkartruke kontzertua, musika eskolan.

Maiatzak 21, asteartea.

19:00. Euskal musika tresnen inguruko saio didaktikoa, '20 hatz' taldearen eskutik, musika eskolan.

Maiatzak 22, asteazkena.

17:30. 'Trakamatraka' tailerra eta emanaldia, 5 urteko haurrentzat, musika eskolan.

Maiatzak 24, ostirala.

19:30. 'Bohemien trio' taldearen kontzertua Topicen.

MUSIKERRIA

Maiatzak 25, larunbata.

9:30. Musika eskolako dultzaineroen eta Giro Arte dultzainero taldearen dianak herriko auzo eta kaleetan.

10:00. Iraunkorrak txaranga Berazubitik Plaza Zaharrera.

11:00. Isidro Larrañaga akordeoi orkestra Plaza Zaharrean, klarinete jotzaileak Arostegieta eta Errementari kaleen arteko txokoan eta Hodeiertz abesbatza Lopez Mendizabal plazan.

11:00. Musika eskoletako ikasle taldeen kalejirak: Txistu taldea, ikasleen banda, eta akordeoi jotzaileak.

11:30. Laskorain Ikastolako abesbatza Plaza Zaharrean.

12:00. Hodeiertz abesbatza Plaza Zaharrean.

12:00. Tolosa Kantariren kalejira, Maria Luisa Agirre doktorearen plazatik abiatuta.

12:00. Udaberri dantza taldeko fanfarrearen kalejira.

12:15. Laskorain ikastolako abesbatzaren kontzertua Lopez Mendizabal plazan.

12:45. Isidro Larrañaga akordeoi orkestraren emanaldia, Lopez Mendizabal plazan.

Bazkal aurretik. Konponezinak eta Iraunkorrak txarangen kalejirak.

14:30. Herri bazkaria Zerkausian, Gautena elkartearen alde, Laskorain ikastolak antolatuta. Txartelak: Xirimiri, Orbela eta Ikatza tabernetan. Prezioa: helduak, 12 €; 14 urtez behekoak, 6 €.

Bazkal ondoren. Musika zuzenean eta Larrain dantza

18:00. Jarauta 69 txaranga.

20:00. Trikidantz taldearekin erromeria, Plaza Berrian.

22:30. Niko Etxart eta Maialen Errotabehererekin dantzaldia, Plaza Berrian.

00:00. Trikidantz taldearekin erromeria, Plaza Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!