Harrobia lanean fin dabil

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 14a, 19:57

Oriako Txirrindulari Eskolako neska-mutilak maiatza hasieran gorengo bi probetan izan dira. Bi bigarren postu handi lortu dituzte.

Donostiako Egia auzoan XXV Gipuzkoa Klasika proba garrantzitsua jokatu zen. Nazio arteko mailako proban punta puntako taldeak izan ziren, tartean, Espainiatik etorriak edo bost talde frantziar. Gipuzkoako talde guztiak ere bertan izan ziren, Limousin Oriakorekin batera. Garaipena Kometa taldeko Carlos Rodriguez granadarrak lortu zuen; Iñaki Diaz Melero tolosarra izan zen bigarrena, Euskal selekzioko koloreekin, multzo txiki baten buru helmugaratu ondoren. Goi mailako emaitza Limousin Oriako taldeko txirrindulariarentzat. Iaz ere podiumean izan zen Gipuzkoa Klasikan; gutxiren esku dagoen emaitza lortuz. Denboraldi bikaina darama, hiru garaipen poltsikoratu baititu dagoeneko errepidean: Antzuolako Uzarragako igoeran lehena, Zegaman ondoren eta apirila amaieran Seguran.

Espainiako Kopa eta Txapelketa

Nesken Espainiako Kopa Balmasedan jokatu zen parte hartze handiarekin. Kadeteetan 120 txirrindulari izan ziren, juniorretan 54 eta elite mailan 90.  Ibilbide gogor batean, Murias Limousin taldeak emaitza bikainak lortu zuen: junior mailan Naia Amondarain ibartarra bigarren sailkatu zen, Caf Turnkey taldeko Amaia Lartitegi bizkaitarraren atzetik. Azpimarratzekoa bi txirrindularien arteko lehia estua.

Aurrez, Aste Santuetan, Oriakoko txirrindulariak Espainiako Pistako Txapelketan izan ziren. Hemen ere emaitzak bikainak izan ziren. Ekhiñe Rivasek zilarra eta brontzea lortu zituen; Naia Amondarainek zilar eta brontzezko bi domina; Amaia Astarloa eta Naroa Olanok zilar bana. Kadete mailako mutilek ere bi garaipen eskuratu zituzten Eneko Arrospideren eskutik, baita taldeka ere. Azkenik, infantil mutiletan Urko Vidal eta Nikolay Asensio bi garaipenekin agertu ziren. 

Bestalde, alebinek eta infantilek taldekako erlojupekoak izan dituzte Irunen. Eneritz Goikoetxea eta Izaro Vidalek garaipena lortu zuten Andoaingo taldeko Ixiar Alkain eta Izaro Etxarrirekin taldea osatuz. Bigarren postuan sailkatu ziren infantil mailako Uxue Nazabal, Irene Dravasa eta Ayala Serrano, Hernaniko taldeko Ihintzaren laguntzarekin.

Harrobia lanean fin dabil.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!