Tolosako Sanjoanak 2019

Heldu da 2019ko sanjoanetako kartela aukeratzeko unea

Ataria 2019ko maiatzaren 13a

Epaimahaiak aukeratutako 6 lanetatik, herritarrek erabakiko dute irabazlea. Bozka, Tolosako Udalaren webgunean eman daiteke, maiatzaren 26ra bitarte. Irabazleak, 500 euro eskuratuko ditu.

Pasa den astelehenean, Tolosako sanjoanetako kartel lehiaketako epaimahaiak, lehen galbahea pasa zieten aurkeztutako 26 lanei. Ondorioz, seik lortu dute epaimahaiaren oniritzia, eta orain, herritarrei dagokie bakarra aukeratzea. Lara Mendizabal, Eider Epelde eta Jon Gaztañagak osatu dute epaimahaia. Maila altua egon dela azpimarratu dute, eta ondorioz, aukeraketan zailtasunak izan dituztela.

Honakoak dira hautatutako 6 kartelak:

  • Sanjoanak 2019_TOLOSA

  • SUTAKO ETA JAIKO GAUA

  • ZUK-SU!

  • San Juan sua dantzan

  • JOLGORIO

  • En llamas

Epaimahaiak hautatutako lanak, Antonio Maria Labaien Kultur Etxeko Areto Nagusian egongo dira ikusgai, gaurtik hasita, hilaren 26ra bitarte. Horrela, sei lan horietako bat izango da 2019ko San Joan jaietako irudia. Horretarako, ordea, herritarren bozkak ezinbestekoak izango dira, eta hori, www.tolosa.eus webgunean soilik egin daiteke, 26a bitarte.

2019ko sanjoanetako kartel irabazlearen egileak, 500 euroko ordainsaria eskuratuko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!