HARAGI festa amaitu aurretik, gozatzeko aukera egon da

Irati Urdalleta 2019ko mai. 12a, 16:11

Ostegunetik aukera izan da, besteak beste, otorduez, dastaketez eta erakusketez gozatzeko. Gaur eguerdian, giro bikaina izan da, Tolosako Euskal Herria plazan.

Ilara luzeak osatu dira, gaur eguerdian, Euskal Herria plazan egin den HARAGI festan. Bertaratutakoek aukera izan dute Carolina Carriel eta Isidora Diaz txiletarrek prestatutako arkumea makil erara bizigarri txiletarrekin eta Txomin Parrilaren saiheski keztatua parrilan dastatzeko. Txiletarrek hamabi arkume prestatu dituzte, eta horretarako, goizeko 5:30erako hasi dira lanean. Euskaldunek, aldiz, bertako txekorraren saiheskia prestatu dute. Arduradunak adierazi duenez, jendeak oso ondo hartu du prestatu dutena. "Atzo teknika berezi batekin egin genuen, baina gaur betiko eran ari gara, parrilan", gaineratu du.

Dastaketaren ondoren, bazkaltzeko aukera ere egon da. Horretarako, Txuleta menua prestatu dute Tolosako lau erretegietako parrileroek eta nazioarteko gonbidatuek.

Jendea oso gustura

Sukaldariek kozinatutakoarekin gozatzeko aukera izan dute Euskal Herria plazara hurbildu diren herritarrek. Laida Altunak azaldu du txiletar erara prestatutako arkumea ari dela jaten eta oso goxoa dagoela. "Txilen bizitzen egon ginen eta han probatzeko aukera ere eduki genuen. Egia esan, asko gustatu zaigu". Gaineratu du Txileko lagun batzuekin daudela eta beraiek ere oniritzia eman diotela. Ez da HARAGIra etortzen diren lehen aldia, urtero koadrilako plana egiten dutelako egun honetan. Imanol Yarzarentzat, berriz, tolosarra izan arren, lehenengo aldia izan da HARAGIn. Saiheskia pikiloko piperrekin jaten ari da eta gustura dago. "Esperientzi polita izaten ari da eta giro atsegina dago", gaineratu du. Tolosako jendea ez ezik, urrunagotik etorritakorik ere badago. Horren adibide da Lasarte-Oriako Asier Garcia. Interneten ikusi zuten HARAGIren eskaintza eta gerturatzea erabaki zuten. "Arkumea jaten ari gara eta oso ona dagoela iruditzen zaigu", dio. Gaineratu du zalantzarik gabe errepikatzeko moduko esperientzia dela. Jon Mikel Castillo ere ados dago baieztapen horrekin. Bera bildotsa jaten ari da eta oso goxoa dagoela baieztatu du. "Atzo bueltatxo bat ematera etorri ginen, eta izugarrizko giroa zegoenez, gaur denborarekin etortzea pentsatu dugu", azaldu du Castillok. Guztiak gustura, beraz, HARAGIren eskaintzarekin.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!