Hiribusarekin konprometitzeko eskatu dute auzo elkarteek

Irati Urdalleta 2019ko mai. 10a, 19:59

Tolosako Udalera hautagaitza aurkezten duten alderdiei egin diete eskaera. Gainera, salatu dute orain arteko arazoen aurrean, Tolosako Udalaren jarrera ez dela oso txukuna izan.

Udal hauteskundeak gainean direla kontuan hartuta, Amarotz, Berazubi, Larramendi, Otsabi Izaskun eta Ttonttor San Esteban auzo elkarteek hainbat eskaera egin dizkiete, Hiribusaren inguruan, Tolosako Udalera hautagaitza aurkezten duten alderdi guztiei: Tolosako hiri garraio publikoaren zerbitzua (Hiribusa) programa eta eginbeharren barruan sartzea, oinarrizko zerbitzu modura; Tolosako hiri garraio publikoa Udalak zuzenean eta osorik bere ardurapean kudeatzeko konpromiso irmoa erakustea; konpromisoa hartzeko kalitatezko zerbitzua eta beharrei behar bezala erantzuten diena emateko; eta aurreko guztia modu publikoan adieraztea herriari.

 

Azken boladan, zerbitzuak gorabehera handiak izan dituela salatu dute: langileen greba, zerbitzuen adjudikazioa, autobus akasdunak... Gainera, egoera hori herritarrek pairatu behar izan dutela azpimarratu dute. Era berean, salatu dute egoera horren aurrean Tolosako Udalak izan duen jarrera eta ardura ez dela izan oso txukuna.

 

Auzo elkarteen ordezkariek baieztatu dutenez, oso garrantzizko zerbitzua eskaintzen die herritarrei Hiribusa bezala ezaguna den Tolosako hiri garraio publikoak: “Zerbitzua oinarrizkoa da tolosarren bizitza kalitateari eusteko eta hura hobetzeko”. Izan ere, Hiribusa mota askotako herritarrek erabiltzen dute: ikasleek ikastetxeetara joan-etorriak egiteko, Iurramendi egoitzakoek, Asucion klinikakoek, polikiroldegiko erabiltzaileek, auzoetako jendeak, gazteek, zaharrek, elbarriek... Beraz, auzo elkarteen eskaerak bete daitezela exijitu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!