Hiru udal sailetan diru laguntzak eskatzeko aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 10a, 11:57

Berdintasuna, Kultura eta Gazteria departamentuetako deialdietan har daiteke parte, maiatzaren 20ra bitarte.

Udalak apirilean jarri zituen abian Berdintasuna, Kultura eta Gazteria Departamentuen diru-laguntza deialdiak. Hain justu, Tolosan alor horietan lan egiten duten irabazi asmorik gabeko norbanako, elkarte edo erakunde guztiek eska dezakete, batik bat, beren jarduera herrian garatzen badute. Maiatzaren 20ra bitarte har daiteke parte, hiru sailetako deialdietan.

Kultura eta Gazteria alorretako diru-laguntzen kasuan, Udate zerbitzuko bulegoetara bertaratuz, www.tolosa.eus webgunean, edo helbide elektronikora mezua bidaliz egin daiteke eskaera. Berdintasun saileko diru laguntza, berriz, internetez soilik eska daiteke.

Bakoitzak bere helburuak

Hiru departamentuetako diru laguntza lerroak elkarte ezberdinei zuzenduta daudenez, bakoitzak ere bere helburu edo asmoak ditu. Berdintasun sailari dagokionez, deialdiaren helburua, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuko duten programak, ekintzak eta jarduerak sustatzea da. Hori Tolosako politikagintzaren, ekonomiaren, kulturgintzaren eta gizartearen esparru guztietan zabalduko litzateke. Asmoa informazio, sentsibilizazio eta kontzientziazio soziala areagotzeko balioetan eta jarreretan hezteko ekintzak bultzatzea da, gizarte-ereduen eraldaketa bultzatzea, alegia.

Kultura departamenduaren diru laguntzek, berriz, urtean zehar edo data jakin batzuetan kultur programa eta jarduera puntualak sustatzea dute helburu. Azkenik, Gazteria saileko lerroak, urte osoan edota egun jakin batzuetan gazteriarekin zerikusia duten ekintza puntualak burutzeko eskainiko du laguntza ekonomikoa.

Informazio osoa, sarean

Aurkeztu beharreko agirien, eskabideen eta prozeduren inguruko xehetasunak Tolosako Udalaren webguneko Berdintasun, edota Kultura, Jaiak eta Gazteria ataletan aurki daitezke.

Interesatuek edo zalantzaren bat argitu nahi duten norbanako edo eragileek kultur etxera jo dezakete. Bestela, 943 67 03 88 telefono zenbakira deitu, edo ondorengo helbide elektronikoetara mezua idatzi daiteke: berdintasuna@tolosa.eus, kultura@tolosa.eus edo gazteria@tolosa.eus.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!