Martxan da Tolosa Herria Nazioarteko Argazki Lehiaketa

Irati Saizar Artola 2019ko mai. 9a, 09:36
Argazkia: Manex Bengoa

Maiatzaren 26rako aurkeztu beharko dira argazkiak, bakoitzak, lau gehienez; gaia eta parte hartzea librea izango da, eta modu digitalean entregatu beharko dira.

Targazki Tolosako Argazkilari Elkarteak, seigarrenez, Tolosa Herria Nazioarteko Argazki Lehiaketa antolatu du. Targazkiren asmoak, «Tolosan argazki kultura areagotzea eta, era berean, Tolosa herriaren izenak argazkilaritzan oihartzuna izatea» dira.

Aurreko ekitaldietan bezala, aurten ere, gaia eta parte hartzea libreak izango dira: «Edozein argazkilarik aurkez dezake bere lana, hemen jaioak izan, zein atzerrian», azaldu dute antolatzaileek. Lanak digitalean bidali beharko dira, maiatzaren 26a baino lehen. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, lau argazki bidali ahal izango ditu.

Ekainaren 1ean aterako da epaia, eta sari banaketa ekainaren 15ean egingo dute, Tolosako Casinoan, 12:00etan. Aldi berean, lehiaketan puntuazio altuena lortu duten argazkien bi erakusketa inauguratuko dituzte. Batean, lehiaketa orokorrean puntuazio altuena lortu duten 40 argazki erakutsiko dituzte eta, bestean, argazkilari tolosarren lanak erakutsiko dituzte; 20 hoberenak.

Aurten, antolatzaileak ahalegin berezia egiten ari dira, tolosarren presentzia areagotzeko. Adin nagusikoez gain, duela bi ekitaldi hasitako tolosar gazteen atalarekin ere jarraituko dute.

SARIAK

Hiru kategoriatan banatuko dituzte sariak: orokorrak, bertakoak eta gazteak.

Orokorren kasuan, lehen hiru postuetan geratzen direnek, Argizaiolarako kredentzialak lortuko dituzte. Horrez gain, irabazleak 500 euro eta domina irabaziko ditu; bigarrenak 200 euro eta z domina; eta, hirugarrenak, 100 euro eta domina.

Tolosarrei dagokienez, berriz, 200 euro eta domina irabaziko ditu lehenak, eta bigarren eta hirugarren egiten dutenek 100 euro eta domina bana jasoko dituzte.

8 eta 16 urte bitarteko gazte tolosarren artean, lehenak domina eta argazki materialetan gastatzeko 100 euroko saria eskuratuko ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek domina bana eskuratuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!